Boot Boys taldeak agur esan du

Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 17:00
Boot Boys boskote legutioarra. / Argazkia: @BootBoys2231

Legutioko streetpunk taldeak hamasei urteko ibilbidearen amaiera iragarri du. Bere azken bira izango dena amaitzeko lau kontzerturen faltan, bidelagunei eskerrak emateko mezua zabaldu dute sare sozialetan.

2007ko udan sortu zen Boot Boys, Legution. Orduz geroztik, streetpunk eta hardcore doinuei zein balore antifaxistei eutsi die taldeak. Orain, 2023an, berriz, agur esateko ordua iritsi zaio talde arabarrari, Goiza eta Ibai Perez, Mikel Armentia, Jon Gurutze Jainaga Jaini eta Atiegak osatutako boskotearen eskutik.

"Boot Boys sortu genuenean, ez genuen inolaz ere imajinatuko gero etorriko zen guztia", adierazi du taldeak bere sare sozialetan zabaldutako mezuan. Gure musika eta letrak partekatzea pribilegioa izan da, eta horri esker milaka istorio ezagutu eta batu ditugu 15 urte baino gehiagotan. Ez genuen ez ospea ez dirua bilatzen, injustizia eta errepresio ororen aurkako bozgorailua izatea baizik".

Errepidean eta agertokietan hamasei urte inguru eman ostean, "historia handi honi amaiera emateko unea iritsi dela" uste du taldeak. Atzean, Juramos vencer (2013), Desobedientziaz bizi (2015) eta Guda doinuak (2020) diskoen, dozenaka bideoklipen, milaka jarraitzaileen eta ehunka kontzertuen aztarna geldituko da.

Aurretik, ordea, bere publiko fidelari agur esateko lau kontzertu, Acordes & Heridas biraren azkenak: apirilaren 22an Lakuntzan (Nafarroa), maiatzaren 27an Gasteizen (Jimmy Jazz aretoan), ekainaren 3an Larrabetzun (Bizkaia) eta ekainaren 24an Vallekasen (Madril).

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Bootboys Legutio StreetPunk (@bootboys2231)

 

"Boot Boys ez da hiltzen"

"Baina, aldez aurretik, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu pertsona horiei guztiei, kolektiboei, gaztetxeei, autokudeatutako zentroei, plazei, herriei, harmailei, ateneoei... etxean bezala sentiarazi gaituztelako", gaineratu dute agur mezuan.

"Boot Boys ez da hiltzen, ahazten dena bakarrik hiltzen da, eta gure aztarnak bizirik jarraituko du zuetako bakoitzari esker. Ehun akorde baino gehiago sortu ditugu, eta zauri bakoitza betiko gordeko dugu, ez baitugu ahaztuko zein lekutatik gatozen eta hasiera hartako berdinak izaten jarraituko dugu. Agur bero bat. Eskerrik asko! Boot Boys zuek zarete".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide