Drogak eta debekatutako armak izateagatik atxilotua errepideko kontrol batean

Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 18:04

Atzemandako substantzien multzoa. / Argazkia: ERTZAINTZA

Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu du Zuian, N-622 errepidean, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Kontrol batean droga kopuru txiki bat, bi orriko labana bat eta defentsa elektriko bat aurkitu dizkiote.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atzo, asteartean, 18:00ak aldera, Ertzaintzak gidari bat atxilotu zuen Zuia herriaren alboko N-622 errepidean egiten ari zen prebentzio kontrol batean. Azaldu dutenez, ertzainek auto bat gerarazi zuten, baina honek kontrol eremuan gelditu gabe aurrera jarraitzeko keinua egin zuen.

Ondorioz, autoa geldiarazi eta erregistratzeari ekin zioten agenteek. Bertan, kolore ezberdinetako pilulak zituen poltsa bat aurkitu zuten; ustez, estasia. Horrez gain, Ertzaintzaren Txakur Unitatearen laguntzarekin, beste substantzia batzuk topatu zituzten gidariaren gauzen artean, hala nola haxixa eta speed-a; baita deskarga elektrikoak ematen dituen gailu bat eta bi orriko labana automatiko bat ere (biak debekatuta).

Atzemandako substantzia eta armak kontuan hartuta, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzi zioten gidariari, eta, beraz, atxilotu egin zuten; baita debekatuta dauden bi armak kendu ere. Atxilotua asteazken honetan, goizean, utzi dute Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago