Ia lau milioi euroko aurrekontua izango du Zuiak

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 17:43

Zuia udalerria, menditik ikusita. / Argazkia: ZUIAKO UDALA

Zuiako aurrekontuaren igoera handiena udalerriko kontzejuetako administrazio batzarretara bideratutako diruan eman da, batez ere argiteria publikoan izandako gainkostua ordaintzeko eta jaiak antolatzeko.

Zuiako Udalak 2023rako udal aurrekontuak onartu zituen joan den ostegunean, urtarrilaren 26ko osoko bilkuran. Guztira, 3.944.234,55 milioi euroko proiektu ekonomikoa EH Bilduren gobernu taldearen aldeko sei botoekin, Zuia Bai koalizioaren lau abstentzioekin eta PPren kontrako boto batekin atera dute aurrera.

Igoera handiena kontzejuetan eman da. Izan ere, argiteria publikoa (administrazio batzarren eskumena) diruz laguntzeko bideratutako partida bikoiztu egin da: 43.000 euro bideratuko dira 2022an argiteria publikoan izandako gainkostua ordaintzeko, energiaren eta elektrizitatearen kostuaren igoera bortitzari aurre egiteko. Bestalde, jaiak antolatzeko diru laguntzak ere nabarmen handitu dira.

Gastu arrunten igoeraren ondorioz, 2023rako inbertsioen kapitulua 350.000 eurora mugatuko da, eta hainbat eraikin zein udal gunetan egingo dira esku-hartzeak. Nolanahi ere, aparteko bi obra garrantzitsu garatuko dira 2023an: alde batetik, saneamendu publikoko zati garrantzitsu bat berritzea; eta bestetik, anbulatorio zaharra osorik berritzea.

Udal gobernuak oposizioko taldeekin egindako kontaktu errondaren barruan, beste alderdiek ez dute proposamenik egin. Zuiako administrazio batzarrek, berriz, hainbat eskaera eta ekarpen egin zituzten urtarrilaren 16an egindako bilera batean, eta gehienak udal aurrekontuan jaso ditu Udalak.

Halaber, 15.000 euroko beste partida bat onartu dute abenduan eta urtarrilean egindako partaidetza prozesuan herritarrek aurkeztutako proposamenak gauzatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago