Gizon baten gorpua aurkitu dute Urrunagako urtegian

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 10a

Urrunagako urtegian azaldu da gorpua. / Argazkia: IREKIA

Herritar talde batek aurkitu du gorpua Urrunagako urtegian, Legutiotik gertu. Ertzaintza gizonezko bizkaitarraren heriotza ikertzen ari da une honetan.

Astearte honetan, gizonezko baten gorpua agertu da Urrunagako urtegian. 14:00ak aldera, herritar talde batek topatu du hilotza ur gainean, eta abisua eman diote Ertzaintzari. Handik gutxira, 15:00ak aldera, Zaintza eta Erreskate Unitateko hainbat agente, Ertzaintzaren bi patruila eta suhiltzaileen dispositibo bat bertaratu dira gorpua uretatik ateratzeko.

Lehen identifikazioaren arabera, gorpua hainbat egunez desagertuta izandako Bizkaiko bizilagun batena da. Hildakoaren ibilgailua handik gertu aurkitu dute, eta, une honetan, Ertzaintza heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da. Epaileak agindua eman ostean, Gasteizko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eramango dute gorpua, autopsia egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago