Eskoriatza eta Aramaio artean parke eoliko bat eraiki nahi du energia berriztagarrien sektoreko Starkraft enpresa norvegiarrak. Gaia pil-pilean dago, eta Itsaraz izeneko proiektuak piztutako polemikaren aurrean, enpresak hiru ordezkari bidali ditu asteazken honetan Aramaiora, batzar batean azalpenak emateko.
Goiena tokiko hedabideak argitaratu duenez, ordezkariak 45 minutu aritu ziren beren asmoen berri ematen (tartean, Zure etorkizuna erabaki izenburuko bideo bat proiektatu zuten), eta beste ordubetez luzatu zen jendearen galdera eta zalantzetarako tartea.
Starkraftek 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du. Zentral eolikoak 2026. urtearen amaierarako hasiko litzateke "aberastasuna sortzen", eta 25 urtetan ustiatuko lituzkete zortzi aerosorgailuak.
Sustatzaileek, besteak beste, azpimarratu zuten proiektua "garapen fasean" dagoela oraindik, eta ingurunean eta biodibertsitatean eragingo lukeen inpaktua neurtzeko ikerketak egin behar dituztela. Horrekin batera, nabarmendu zuten argindarraren faktura murrizteko "eredua" dela, eta interesatuak proiektuaren jabetzaren parte izan daitezkeela. Proposatutako kokalekuan haize asko dagoela eta EAEn "gaur egun ekoizten den energiaren erdia" ekoiztuko lukeela ziurtatu zuten.
Herritarren artean, zalantzak
Batzarra 18:00ak aldera hasi zen, Kultur Etxean, baina aurretik elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek, Arabako Mendiak Aske plataformak deituta. Eta batzarrean, herritarren dozena bat hitzartze egon ziren, eta zalantza asko agertu ziren. Besteak beste, Starkraften egitasmoek Norvegiako saamiei eta Txileko maputxeei eragindako kaltea mahai-gaineratu zuten, egingo diren ikerketen egiazkotasuna zalantzan jarri, erabakitzeko bitartekoak zeintzuk izango diren galdetu, eta sortutako energiaren balio kualitatibo zein kuantitatiboa ezezaguna dela ohartarazi.
Bestalde, udalerrian pisu handia duen lehen sektorearekin bateragarria izango ote den galdetu zuten; horren aurrean, proiektuaren sustatzaileek baietz erantzun zuten, herritarrek alegazioak jartzeko aukera izango dutela azpimarratuz. "Azken hitza", betiere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak izango du, eta ez enpresak.
Aramaioko alkate Lierni Altunak 2023. urteko hasieran beste batzar bat antolatzeko asmoa adierazi du, herritarren iritziak jaso eta elkarbanatzeko.