Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordeak lan bilera bat egin du aste honetan Urrunagako (Legutio) bizilagunen parte hartzearekin, Goiaingo industrialdeak eragindako kutsadura arazoen inguruan aritzeko.
Bertan, Herriak Bizirik plataformako bizilagunek hartu dute hitza, kutsadura akustikoa eta atmosferikoa salatzeko. Etengabeko zarata eta usain txarrez gain, herritarren artean arnasketa arazoak eta minbizia areagotzen ari direla ohartarazi dute. Egoera horrek haien "bizi kalitateari eta inguruko abereei" eragiten diela salatu dute.
Gainera, Maika Campo, Alba Casasola eta Iñaki Abasolo plataformako bozeramaileen arabera, ikuskapenak iristen direnean, zarata eta kiratsa desagertzen dira; ikuskatzaileak alde egiten dutenean, berriz, arazoak itzultzen dira. Plataformatik, berriz, OTUA taldearen birziklatzeko hamabi plantak seinalatu dituzte bereziki. Eta erakundeen aldetik "erantzukizunak eta konpromisoa" eskatu dute.
Joan den astean, Batzar Nagusietan, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak argitu zuen Aldundiak ez duela arazo horren gainean jarduteko eskumenik, baina, azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak hilabete batzuk daramatza programatutako zein programatu gabeko ikuskapenak egiten. Horren ondorioz, ingurumen araudia urratzeagatiko hiru zehapen-espediente ireki dituzte.