Urkabustaizko azokak 135 abelburu eta 48 postu izango ditu

Erredakzioa 2022ko urr. 26a, 17:10

134 abelburu izango dira igandeko azokan. / Urkabustaizko Udala

Igandean ospatuko dute Urkabustaizko XII. nekazal eta abeltzain azoka, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Urteko azoka garrantzitsuenetakoa ospatuko du Urkabustaizek igande honetan, eta horregatik eskaintza zabala izango du. Guztira, 134 abelburu egongo dira erakusgai eta ekoizle zein artisauen 48 postu jarriko dituzte. Saltokietan, besteak beste, okela, gazta, euskal pastela, gozokiak, liburuak edo bitxiak eskuratu ahal izango dira. 

Ganadu eta herri kirolen erakustaldiak –azken hau Oketa Zigoitia herri kirol elkartearen eskutik–, bestalde, Plaza Berrian egingo dira. Beste abelburu batzuen artean, pottokak, ponyak, zamakoak edo latxak nabarmenduko dira. Gainera, zaldi-kaskoez informazioa jasotzeko postu bat jarriko dute.

Ekoizle eta artisauen saltokiak, berriz, pilotalekuan jarriko dituzte; 48 postu jarriko dituzte, horietatik 15 udalerrikoak. Umeentzako jokoak eta ardiak kardatzeko tailerra ere izango dira Udaletxe Plazan. Eta, horrez gain, goiz osoan zehar musika egongo da Urkabustaizko musika eskolaren eskutik; bolo txapelketa izango da; eta artisautza produktuak zozkatuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago