'Gorbeiako altxorrak' turismo jaia ospatuko dute hilaren 24an

Erredakzioa 2022ko ira. 16a, 13:22
Egun osoko egitaraua prestatu dute Oletan. / Alea

Besteak beste, Oleta herria ezagutu eta Atxeta gaztandegian bisitaldia egiteko aukera izango da.

Gorbeiako altxorrak ekimenaren bigarren edizioa irailaren 24an ospatuko dute Oletan (Aramaio). Helburua Gorbeia inguruneko altxorrak ezagutzera ematea da, aire libreko jarduerez, bisita gidatuez eta kultur zein gastronomia proposamenez osatutako egitarauarekin. Cristina Gonzalez Turismoko diputatuak, Jesus Garcia de Cos Jaurlaritzako Turismo sailburuordeak eta Agustin Otsoa Eribeko Landa Gorbeialdeko Kuadrillako presidenteak aurkeztu dute eskualdeko baliabideak sustatu eta turismo iraunkorra sortu nahi duen ekitaldi turistiko hau. Aurkezpenean, Maider Unda ere izan da, borroka libreko dominadun olinpikoa, eta gaur egun Atxeta gaztandegiko artzaina.

Jarduera gastronomikoen artean Gorbeia produktuen azoka izango da: eskualdeko produktu gastronomikoen eta artisauen erakusketa eta salmenta. Bisitariek, gainera, Atxeta gaztandegira bisita gidatua egin eta bertako produkturik esanguratsuenetako bat probatu ahal izango dute: Idiazabalgo gazta.

Kultur jarduerei dagokienez, berriz, Oletan bisita gidatua egiteko aukera izango da; Anboto eta Orixolen azpian, baserri eta burdinolen artean sortutako herria da Oleta. Gainera, Turuku Tupa taldearen Reziklantes ikuskizuna eta Nhil taldearen kontzertua izango dira. Jarduera horiez gain, haurrentzako sormen-gune bat, informazio gune bat eta hainbat zozketa ere egongo dira; eta egun osoan zehar Guikuri Moda autobusaz, Marino Lejarretaren erakusketaz eta Hontza Extrem abentura parkeaz gozatzeko aukera egongo da.

Informazio gehiago gorbeiaeuskadi.com webgunean eta 608 001 159 telefonoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide