Eoliko gehiago ate-joka Araban

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 12:52
Statkraft enpresako kideak lehendakariarekin bildu dira. IREKIA

Norvegiako enpresa batek bi parke eoliko egiteko proiektua aurkeztu dio Jaurlaritzari. Horietako bat Aramaio eta Eskoriatza artean kokatu nahi dute. Jaurlaritzak ez du horien gaineko informaziorik eman.

Statkraft multinazionalak bi parke eoliko eraiki nahi ditu Araban eta Gipuzkoan: hurrenez hurren, Itsaraz eta Piaspe parkeak izango lirateke, Aramaio eta Eskoriatza artean eta Azpeitian kokatzekoak. Statkraftek aurreratu du 2027. urterako jarri nahi dituztela martxan, 90 milioi euro inguruko inbertsioarekin.

Asteartean eman du konpainiak albistearen berri, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Arantxa Tapia Industria sailburuarekin bildu ostean. Momentuz, Jaurlaritzak ez du gaiaren inguruko aparteko informaziorik eman, bileraren zenbait argazki eta bideo labur bat ez badira. Zabaldutako irudi horietan inprimatutako aurkezpen moduko bat agertzen da mahaian, Desarrollos eólicos en Euskadi tituluarekin.

Enpresak aurreratu du planaren berri diola Azpetiko Udalari; gainerako udal agintariak Jaurlaritzaren informazioaren zain daude momentuz.

Itsarazen kasuan 52,8 megawatteko parkea izango litzateke, eta enpresak ziurtatu du 44.000 etxebizitza hornitzeko gaitasuna izango lukeela. Piasperen kasuan, 33 MW-ko gaitasuna aurreikusi dute, 24.000 etxebizitza inguru hornitzeko.

Multinazionalak babestu du parke horiek "energiaren sozializazioa" eta "zero kilometroko hornidura" ekarriko dituztela. Modu berean, enpresak dio "epe luzerako konpromisoa" eskaini diola Lakuari, eta "hiritarren zein euskal industriaren" parte-hartzea beharrezkoa dela diote. Iberiar penintsulan epe luzerako 50 kon- tratu baino gehiago dituztela esan dute, energia berriztagarriko 1,3 gigawatt eskaintzen dituztenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide