Gomilazko Santa Filomena

Itota desagertu zen bainuetxea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko abu. 22a, 06:00

Legutioko garaiko irudi bat. KMK

Legutioko Gomilazko Santa Filomena bainuetxeak zazpi iturrietatik hartzen zituen ur sufretsuak gaitzak sendatzeko. XIX. mendean ospetsua izan zen establezimendua Urrunagako urtegiak ito zuen.

Urak dituen ezaugarri mesedegarriak duela mende askotatik ezagunak dira, eta antzinatik erabili izan dira urak zenbait gaitz sendatzeko. Araban praktika horren bi adibide nagusi ditugu. Batetik, XIII. mendetik ezagutzen diren Sobron eta Soportilla iturburuak, eta, bestetik, Gasteizko Mineral iturria, 1690ean udal kontzejuak aipatu zuena. Bainuetxeak eraiki baino askoz lehenago, inguruko biztanleek herri askoren iturriak erabiltzen zituzten, eta San Joan egunetan are gehiago, iturri horien ahalmenak oraindik gehiago indartzen zirela uste zutelako.

Araban, nahiz eta ur medizinaletako iturri ugari eduki, ez zen bainuetxerik agertu 1827an Aramaiokoa zabaldu zen arte. Mende berean beste zazpi bainuetxe inauguratu ziren: Kutxo, Langraiz Oka, Buradon Gatzaga, Gomilazko Santa Filomena, El Mineral, Sobron eta Zuhatzu Kuartango. Nagusien artean, Gomilazko Santa Filomena bainuetxe zaharra da gaur egun erabat desagertuta dagoen bakarra, Urrunagako urtegiko uren azpian.

2019ko azaroan, Foru Aldundiaren ondare historikoaren zerbitzuarentzat Arabako bainuetxeen inguruan egin zuten ikerketa batean proposatzen zuten Jose Rodriguez, Luis Miguel Martinez, Beatriz Lopez eta Angel Martinez ikertzaileek Gomilazko establezimenduaren historia berreskuratzea.

Berrehundik gora bezero

Egindako ikerketaren arabera, Legutiotik bost bat kilometro iparraldera, Otxandioko jurisdikziotik eta Mekoleta eta Gomilaz auzoetatik oso gertu zegoen Gomilazko Santa Filomenako bainuetxea. Bertako zazpi iturrietatik 14 gradutan sortzen ziren ur sufretsuak honako gaitz hauek sendatzeko erabiltzen zituzten: "eskrofulismoa eta herpetismoa, dermatosi hezea, emakumeen eta haurren gaixotasunak, hilekoaren desorekak, angina glandulosoa eta mukosa-mintzetako katarroak".

Ardaizabal mendiaren magalean eta Gordobil ibaiertzean, bainu-etxearen eraikin handia altxatzen zen, hiru solairuz eta atiko batez osatua. Ehun logela inguru zituen, eta1860ko hamarkada amaieran, garairik onenean, 229 bezero eta 90 laguntzaile biltzen zituen, ekainetik irailera bitartean. Horrez gain, hamasei bainuontzi, billardun areto bat, dantza areto bat, eta kapera zituen, eta hori guztia zortzi mila metro koadroko "lorategi magikoz" inguratuta zegoen, eta harrizko horma batez babestuta. Tratamendu hidroterapikoak egiteko erabiltzen zituzten bainugelak metalezko bainuontziak zituzten, eta horretaz gainera, kabinete bat zuten goranzko zorrotadarekin, beste bat beheranzko zorrotadarekin eta ura lainoztatzeko aparatua zuen hirugarren areto bat.

Gasteiztik bainuetxera egunero joaten zen auto bat, bezeroak eramateko. Gainera, Gasteiztik Durangora joaten zen autobusa erabiltzen zuten bainulariek Gomilazko Santa Filomenara hurbiltzeko.

Karlistaldian, kalte handiak

Nazario Etxanobe Uriarteri eman zion Legutioko Udalak Gomilazko bainuetxea eraikitzeko eta kudeatzeko ardura, 1864. urtean, bainuetxe txiki bat zegoen tokian, eta Aniceto Maria de Arandia Goikolea mediku ospetsuaren ardurapean egon zen establezimendua urte luzez. Hala ere, Bigarren Karlistaldian (1872-1876) gerra ospitale bezala erabili zuten, eta zenbait kalte jasan zituen eraikinak.

Denbora batez itxita egon zen, eta pixkanaka-pixkanaka, jarduera desagertzen joan zen. Halere, XX. mendearen hasieran, oraindik zabalik zegoen bainuetxea, eta Gomilazko iturriko ur sufretsuak ere merkaturatu egiten ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago