ZIENTZIA KALEAN

Egunerokoen sekretu txikiak

Juanma Gallego 2022ko uzt. 21a, 06:00

Abuztuaren hasierara arte ikusgai egongo da erakusketa, Murgiako udaletxearen aurrean. EHU KZK

Murgian paratu dute Zientzia kalean izeneko erakusketa ibiltaria. 11 panelez osatuta, ekimenak zientzia gerturatzea du helburu. Orain arte jasotako harrera ona nabarmendu dute antolatzaileek.

Egunero ikusten edo erabiltzen diren elementu askoren atzean dagoen zientzia azaldu nahi dute Zientzia kalean izeneko erakusketaren bitartez. Iruñean jaio zen ideia, baina ondoren Euskal Herriko txoko askotan ibili da, eta ibilbide luzea du oraindik aurretik. Astelehenean Murgian jarri dute, udaletxearen aurrean, eta bertan egongo da ikusgai abuzturen hasierara arte.

Sakelako telefonoa, ogia, garagardoa, autoa, barra-kodea... egunerokoan begi aurrean izaten ditugun arren, gutxitan erreparatzen diogu halako elementuen atzean dagoen zientziari. Eta, zinez, zientzia andana dago. Hori hobeto ulertzeko asmoz, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa lanean jarri dira, EHUren beraren zein Euskampus fundazioaren laguntzarekin: 11 panelez osatutako erakusketa prestatu dute.

"Ideia da oso modu arinean egunerokoan aurkitu ahal diren gauzen inguruko infografia oso errazak egitea", azaldu du Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologo Ignacio Lopez-Goñik. "Aurrenekoz Iruñean jarri genituen bost panel, guk villavesa deitzen ditugun horietan; hau da, bus markesinetan". Zientzia astearen haritik jarri zituzten azaroan lehen bost elementu, eta, egon zen harrera ikusita, gehiago egitera animatu ziren. "Arreta asko erakartzen dute, eta erantzun oso ona izan dugu herritarren aldetik", nabarmendu du Lopez-Goñik. "Gainera, ikastetxe, institutu eta ikastoletako irakasle askok infografia horiek eskatu dizkigute, klasean erabiltzeko".

Infografia egiteko ardura NorArte estudioarena izan da, zientzia ilustrazioan espezializatuta dagoen enpresa. "Lopez-Goñik infografia pilotu bat eskatu zidan, berak proiektu horren ideia saldu ahal izateko", azaldu du NorArte estudioko zientzia ilustratzaile Vega Asensiok. Izaskun Alberdi eta Ana Madinabeitia ilustratzaileekin batera, lanaren ardura izan du Asensiok. "Garagardoari buruzkoa egin genuen, eta gustatu zitzaien. Hortaz, lanari ekin genion". 

Adituen laguntza

Aurreneko lana izan zen proposatutako gaien inguruan informatzea eta pentsatzea, "guri jakitea gustatuko litzaigukeenari buruz", gogora ekarri du Asensiok. "Guk egiten genuen lehen iragazkia, baina gero, gai desberdinak jorratzeko adituen laguntza izan dugu".

Zientziaren dibulgazioan zehaztasuna ezinbestekoa denez, aditu horiekin izandako hartu-emana oso indartsua izan da. "Panel bakoitzean zer jartzen genuen adosteko eta fintzeko, agian hamar edo hogei bertsio artean egon dira. Oso ondo aukeratu behar da zer jarri eta zer ez". Hala izanik ere, Asensiok onartu du infografiak sortzeko prozesua oso polita izan dela. "Luxu bat izan da aditu horiekin kolaboratzea, eta oso giro ona egon da sortze prozesuan zehar".

Ibilbide horretan asko ikasi dutela dio ilustratzaileak, eta, adibidetzat jo du berari gertatu zitzaiona: "Duela gutxi Canfranceko lurrazpiko laborategian egon nintzen, eta hor kontatu zizkidatenak ulertzeko, ederki etorri zait infografia hauek ikasteko prozesua. Sukalde plaka baten infografia egiteagatik ulertu ahal izan nuen bertan kontatu zidatena."

Panelen osaketari dagokionez, hasierako lerroan gauza bitxi batzuk jarri nahi izan dituzte, ikuslearen arreta erakartzeko. Ondoren, osagarriak landu dituzte. Baina ilustrazioen zati handiena hartzen dute gauza bakoitzaren atzean dagoen funtzionamendua azaltzen duten gakoek. 

Momentuz Murgia izango da erakusketa izango duen Arabako udalerri bakarra, baina urrirako espero dute Gasteizera eramatea. Aurretik, Bilbotik ere igaroko da, ospe handikoa den Naukas dibulgazio ekitaldi masiboan. Hitzordu horien artean toki erakunderen batek interesa agertuz gero, kzk.ehu@gmail.com postan jaso daiteke nahi beste informazio.

Lopez-Goñik aurreratu du ekimenari bestelako garapen bat eman nahi diotela hemendik aurrera. "Momentuz 11 panel dira, baina agian etorkizunean gehiago izan daitezke. Bestalde, NorArte estudioarekin lanean ari garenez, agian beste formatu batera eraman genezake informazio hori, sare sozialetan edo beste motatako argitalpenen bitartez". Normala. Zeinek ez du ezagutu nahi izango ba etxean duen eta kaseinaz josita dagoen produktu bat, duela mendebete farmazietan baino ez zena saltzen?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago