Kristalak bota dituzte Zuiako igerilekura

Erredakzioa 2022ko uztailaren 18a

Kristalak jaso eta igerilekuaren hondoa robot batekin errepasatu behar izan dute. ZUIAKO UDALA

Instalazioa itxi behar izan dute gertakariaren ondorioz. Udalak "gutxi batzuen zentzugabekeria" salatu du.

Larunbat gauean, ezezagunek Murgiako Palatu kiroldegian sartu eta kristalezko edalontziak bota dituzte helduen igerilekuaren barruan. 

Zuiako Udalak ezagutzera eman duenez, igandean edalontzi horiek jaso eta igerilekuaren hondoa robot batekin errepasatu behar izan dute, erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko. Ondorioz, igandean itxita mantendu behar izan dute instalazioa.

"Era honetako gertaerak ez dira, zoritxarrez, jada isolatuak eta, tamalez, ohiko bihurtu zaizkigu. Berriz ere, jende askok jasan behar izan du gutxi batzuen zentzugabekeria", salatu du udalak, ohar baten bitartez.

Modu berean, udalak "biziki eskertu" du instalazioetan aritzen diren "langileen erantzukizuna eta lana".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago