Etxetik gertu duen ibilbide lasaia izategatik gustuko du bereziki Elena Loyo atleta zuiarrak Belauntzan hasi eta Barrerilla mendateraino doan ibilbidea. Inguruetan ez zaizkio entrenatzeko alternatibak falta, baina horietako zenbaitetan jende andana dago, batez ere asteburuetan. Loyok proposatutako ibilbidean, berriz, jende gutxiago dago. "Zelai eta inguru horiek asko gustatzen zaizkit, eta lasaitasun asko ematen didate entrenatzen dudan bitartean. Gainera, herri txikiak dira; ez dira urbanizazioak".
Ibilbidea Murgian edo Izarran abiatu daiteke, baina Loyok Belauntzan hastea gomendatu du, autobia zati bat saihestu aldera. Urduñarantz doan A-2521 errepidea nahiko lasaia izanda ere, badaezpada ohartarazi du autoekin tentuz ibili beharra dagoela.
Iazko Tokioko Joko Olinpikoetan lortutako emaitzarekin pozik dago zuiarra —29. postuan iritsi zen maratoian—, eta abuztuan Munichen (Alemania) izango den Europako txapelketan parte hartuko du. Horretarako, gogor entrenatu beharra dago. "Horregatik ni normalean ez naiz gelditzen, baina ibilbide hori egiten duenak aukera du inguruan gauza ederrak ikusteko". Horien artean, ezagunetako bat da Goiuriko ur-jauzia. "Oso erraza da di-da batean bidetik aldentzea eta ur-jauzia ikustea. Gainera, inguru horretan landa bide asko daude, nahi duzuna hartu eta zure interesen arabera bazterrak deskubritzeko".
Agerikoa denez, uda ez da izaten ur-jauzia bere edertasun osoan ikusteko urtarorik aproposena, normalean ur gutxi eramaten duelako. Baina zalantzarik ez dago, urarekin zein ur gabe ere, ibaiak milurtekotan zehar Altube inguruetan zizelkatutako paisaia zinez ikusgarria dela.
Dena dela, urtaro bakoitzak berezko ñabardura eta ezaugarriak eransten dituela gogora ekarri du kirolariak. "Urtaro bakoitzaren arabera, ibilbideak xarma berezia du. Udan dena oso berde dago; udazkenean marroia nagusitzen da, baina zuhaitz bakoitzak kolore desberdina du. Neguan, hotz gehiago dago, baina badu xarma berezia, are gehiago inguruetako tontorrak elurtuta daudenean. Eta, esan beharrik ez dago, udaberria ere izugarri polita da".
Korrika egiteko orduan, Loyok ohartarazi du errepidea etengabean "gora eta behera" doala, eta hori nabaritzen dela hanketan. "Baina oso lasaia denez, batak bestea konpentsatzen du", aitortu du. Badaki hori zer den: apirilean bertan lesioa izan du hankako muskulu biko batean, baina onerako bidean dela dio.
Nerbioko ur-jauzia
Errepidean aurrera eginda, handik gutxira bada ere hartu daitekeen ibilbide alternatibo bat: A-4422 errepidetik Untzaga herrira iritsi daiteke. Izan ere, herrixka horretatik ateratzen da Nerbioiko ur-jauzira doan bide bat, eta ibilbidearen lehen unetik bertatik ikusten da Urduñako bailara bere handitasunean. Gailur desberdinetan aurrera eginez joan daiteke ur-jauziraino, baina herritik gertu aparkaleku bati bisitaldi bat egitea nahikoa izan daiteke paisaiaz gozatzeko. Hegazti harrapariak handik hona ibiltzen dira normalean, eta bertigoa zer den ez dakien ahuntzen batekin topo egitea ere ez da zaila izango.
Errepide nagusira bueltatuz, Barrerilla mendatea da azken jomuga. "Bihurgune bat egin ostean, oso begiratoki polita dago. Delikako eremu guztia ederki ikusten da. Desnibel handia dagoenez, nahiko ikusgarria da. Besteak beste, Urduñako harkaitza ikusten da". Bueltatzeko indarrak gorde behar dira noski, edo autoa duen lagun baten telefonoa eskura izan.
Lamien eta lamia ez direnen topagune
Izarratik datorren A-3314 errepideak A-2521 errepidearekin bat egiten duen puntutik oso ezaguna ez den bide estu bat ateratzen da, pasaia miresgarri baterako pasabidea ahalbidetzen duena: Altubeko basoetan zehar hainbat kilometro egin ostean, lamien osin bat aurkituko du bidaiariak. Izan ere, tradizioak dio txoko horretan bertan ematen zutela denbora lamiek, beren urrezko orratzekin ilea atontzen.
Urmaelaren inguruan izaki mitologikoak aurkitu ala ez, txoko ederra da Lamioxin, eta garrantzi handikoa inguruetako fauna eta florarentzat. Lamien antzera, bazterrean isilik eta atentzioa erakarri gabe mantenduz gero, ez da zaila izango hegazti urtarrak eta animalia urlehortarrak behatzea, eta bisita egunaren hasieran edo amaieran eginez gero, urmaelera hurbiltzen den ugaztunen bat ikusteko parada aproposa ere egon daiteke.
Aintzat hartu behar da hara iristeko bidea oso lokaztuta egon daitekeela euriteen ostean, baina uda partean ez dago aparteko arazorik igandeetako txandal dotoreenarekin ere joateko. Behin urmaelaz eta horren ur gardenez gozatuta, aukera dago bide berdinetik bueltatzeko, baina animatuenek bidea jarraitu dezakete, Altubeko ur-jauzi ospetsuetara ere bertatik irits daitekeelako.