Panta Rhei antzerki konpainiaren eskutik, beste urte batez bueltan da Festikale. Uztailaren 14tik 17ra, aste honetako ostegunetik igandera, Ondategi eta Gopegi landa eremuko arte eszenikoentzako gune bihurtuko dira, hainbat diziplina artistikoko lanekin.
Urtero bezala, programazio gehiena Bengolarra Parkeko txoko naturalean egingo da, baina frontoian, Zigoitiko Kultur Etxeko antzokian, Artzegi Jatetxean eta Sarragoan ere hainbat ikuskizun eskainiko dituzte. Sarrerak Festikale jaialdiaren webgune ofizialean eskuratu daiteke.
Lehenengo egunean, ostegunean, Natxo Arantegiren eskutik inauguratuko dute jaialdia, Bengolarra Parkean. Ondoren, Korterraza film laburren jaialdiaren goi mailako hautaketaren emanaldia egingo dute bertan. Ostiralean, berriz, Moving Compass konpainiaren A Barca do Inferno antzezlana, Microminia taldearen Oporrak itsasontzian txotxongiloen antzerkia eta Silberius de Ura konpainiaren NeØnymus: urrunera bidaia kontzertua aurkeztuko dituzte.
Larunbatean honako ikuskizun hauek izango dira: Galiot Teatre konpainiaren Giravuelta títeres instalazio interaktiboa, Microminia taldearen Raio the loubican txotxongiloen antzerkia, Leo Bassi pailazo, aktore, komiko eta zirku artista italiarraren 70 urte: Leo Bassi antzezlana, eta Harrobi Dantza Bertikala taldearen Harria Herria dantza ikuskizuna.
Igandean, programazioa ixteko, bluegrass, blues, folk rock eta country rock soinuak eskainiko ditu The Sorry String Band talde gasteiztarrak, 13:00etan Artzegi Jatetxean.
EGITARAUA
DOSIERRA