Zuiako XIII. Gazte Eguna ospatu zuten larunbatean

Erredakzioa 2022ko uztailaren 11

Larunbatean Zuiako XIII. Gazte Eguna antolatu zuen Zuiako Gazte Asanbladak. Kirol txokoak, bertso poteoa, gazte bazkaria, mus txapelketa, DJ ibiltaria eta Dukkha, Amooma, Rukula eta Maixa eta Malakiasen kontzertuak izan ziren Murgiako plazan.

Urtetik urtera antolakuntzaz aurrera lelopean, Zuiako Gazte Asanbladak udalerriko gazteei zuzendutako egun osoko egitaraua antolatu zuen larunbatean, azken 13 urteetan hilabete honetan egin duen bezala.

10:00etan hasi zen Zuiako XIII. Gazte Eguneko egitaraua, Murgiako plazako gunearen montajearekin. Eguerdi partean, 12:00etan, kirol txokoak izan ziren, 3x3 saskibaloian, eskaladan, sokatiran, palan eta eskupilotan aritzeko. Izerdi pixka bat bota ostean, saria: 13:30etik aurrera, bertso poteoari ekin zioten, Maddi Aiestaran, Eli Zaldua eta Libe Goenaga bertsolarien eskutik. Ondoren, 15:00etan, gazte bazkaria egin zuten. Tripa beteta, bazkalondoan mus txapelketa egin zuten plazan, eta jokatzen ez zekitenentzako musean ikasteko txokoa jarri zuten.

Mamboa 19:00etan hasi zen, DJ Montxisen eskutik, herrian barrena. Azkenik, kontzertuak 21:00etan hasi ziren, eta Dukkha, Amooma, Rukula eta Maixa eta Malakias izan ziren oholtza gainean.

BIDEOA eta ARGAZKI GALERIA: Zuiako Gazte Asanblada

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago