Larunbatean ospatuko dute Zuiako XIII. Gazte Eguna

Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 11:30
Zuiako Gazte Egunaren IX. edizioa, 2018an. / ALEA

Uztailaren 9an Zuiako XIII. Gazte Eguna ospatuko du Zuiako Gazte Asanbladak. Kirol txokoak, bertso poteoa, gazte bazkaria, mus txapelketa, DJ ibiltaria eta Dukkha, Amooma, Rukula eta Maixa eta Malakiasen kontzertuak izango dira Murgiako plazan.

Urtetik urtera antolakuntzaz aurrera lelopean, Zuiako Gazte Asanbladak udalerriko gazteei zuzendutako egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetarako, uztailaren 9rako, azken 13 urteetan hilabete honetan egin duen bezala.

10:00etan hasiko da Zuiako XIII. Gazte Eguneko egitaraua, Murgiako plazan jarriko duten gunearen montajearekin. Eguerdi partean, 12:00etan, kirol txokoak izango dira, 3x3 saskibaloian, eskaladan, sokatiran, palan eta eskupilotan aritzeko: "Egunean bertan bilatu (pike)kideak eta aurrera!", azaldu du gazte asanbladak.

Izerdi pixka bat bota ostean, saria: 13:30etik aurrera, bertso poteoari ekingo diote, Maddi Aiestaran, Eli Zaldua eta Libe Goenaga bertsolarien eskutik. Eta, ondoren, 15:00etan, gazte bazkaria; izena emateko @ZuiakoGazteAsanblada Instagram kontura edo zgaztetxea@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke (azken eguna: uztailaren 5a), eta prezioa 8 eurokoa izango da ikasle zein langabetuentzat eta 10 eurokoa langileentzat.

Tripa beteta, bazkalondoan mus txapelketa egingo dute plazan, eta jokatzen ez dakitenentzako musean ikasteko txokoa jarriko dute.

Mamboa 19:00etan hasiko da, DJ Montxisen eskutik, herrian barrena. Azkenik, kontzertuak 21:00etan hasiko dira, eta Dukkha, Amooma, Rukula eta Maixa eta Malakias izango dira oholtza gainean. Gainera, plazako txosnan bokatak afaltzeko aukera egongo da.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide