Gaurkoarekin hiru greba egun egin dituzte jada Legutioko CIE Gameko enpresan. Izan ere, ELAko bost ordezkarik osatutako enpresa batzordeak greba mugagabea deitu du ekainaren 23tik aurrera, hau da, joan den ostegunetik; oraingoz, %100eko jarraipena lortu dute lanuzteek, sindikatuaren arabera.
Langileen ordezkariek salatu dutenez, enpresa hitzarmena 2020ko abenduaren 31 amaitu zen, eta hure berritzeko negoziazioak duela gutxi hasi dira. Negoziazio mahaian, erosteko ahalmena berreskuratzea, sortutako aberastasuna banatzea, soldata duina bermatzea, bidezko lanbide sailkapena, lanaldia murriztea, txanda kontratua aplikatzea eta enpresa barruko zenbait alderdi hobetzea eskatu du enpresa batzordeak.
"Irabazi handiak izan arren, enpresa ez dago prest langileen aldarrikapenei erantzuteko", salatu du ELAk, CIE Gamekok burtsan kotizatzen duela azpimarratuz. "2021ean 3.269 milioi euroko diru sarrera lortu zuen; 2020an baino %13 gehiago. Enpresak 267,5 milioi euro irabazi ditu (2020an baino %44 gehiago), eta 63,9 milioi banatu ditu dibidendutan", kritikatu dute.
"Langileak erosteko ahalmena etengabe galtzen ari dira, batez ere pandemian zehar enpresak ezarri dituen gehiegizko ABLEEn ondoren", azaldu du ELAk. Horrekin batera, Arabako Metalaren hitzarmen kolektiboa berritzea exijitu dute, "sortutako aberastasuna banatzen laguntzeko"; ostegun honetan, beraz, CIE Gamekoko langileek bat egingo dute sektorean deitutako grebarekin.
Gaur 3. Greba eguna CIE Gamekon!
— ELA Arabako Metala (@ArabakoElaMetal) June 27, 2022
3. dia de huelga en CIE Gameko!
Estamos hartos de que nos expriman como limones! pic.twitter.com/E8Ms1KCHE1