Zuia Euskaraz egunak Oroko zelaiak hartuko ditu larunbatean

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 19:10
Dantza erakustaldia Zuia Euskaraz egunaren 2019ko edizioan. / Argazkia: JUANMA GALLEGO

Larunbat honetan, ekainaren 25ean, Zuia Euskaraz ekimena borobiltzeko jai eguna ospatuko dute: besteak beste, mendi igoera, txosna, trikitilariak, parrillada, ekitaldia eta Bidean taldearen erromeria izango dira Oroko zelaietan.

Ekaina da Zuia Euskaraz egitasmoaren hilabetea. Astez aste, Zuiako euskara taldeak hainbat ekintza antolatzen ditu, eta aurten ekainaren 9an Egun on, Capitan dokumentalaren emanaldiarekin hasi eta 25ean Oroko zelaietako jai egunarekin borobilduko dute egitaraua.

Egun horretan, apirilean egindako 22. Korrikaren (Hitzekin) lekukoa hartuko dute zuiarrek, baita azaroan iritsiko den Euskaraldiaren (Hitzez ekiteko garaia) hirugarren ediziorako beroketa lanak egin ere, bi ekimenen arteko zubia izateko asmoz. Bi ekitaldiek "hitza" eta "ekintza" hitzekin jokatu duten bezalaxe, aurtengo Zuia Euskaraz Egunaren leloa Zuiarrekin! da, "Zuiako herritarrak baitira hitzaren eta ekintzaren arteko lotura-ardatza".

Larunbatekoa egun ederra izango da pandemia atzean utzita berriz ere elkarrekin egoteko eta ondo pasatzeko. Egitaraua 11:00etan hasiko da, Orora Domaikiatik edo Bitorianotik igotzeko aukerarekin. 12:00etan, bertaratutakoei ongi etorria emango diete Oroko zelaietan bertan. 12:30ean, eskalada tailerra haitzetan, trikitilariak, txosnaren irekiera eta parrilladako pintxo dastaketa Atabaka tabernan.

13:00etan izango da ekitaldia, Korrika, Euskaraldia, Zuiako Bertso Eskola eta Murgia institutuko ikasleekin, baita beste sorpresaren bat edo besterekin ere. 14:30ean bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta norberaren bazka, aulkiak eta bestelakoak eramatera deitu dute. Azkenik, 16:00etan hasiko da erromeria, Bidean taldearen eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide