Murgiako egoitza bateko langile bat hil da, lan istripu ez traumatiko batean

Erredakzioa 2022ko ekainaren 20a

Gorbea egoitza, Murgian. / Argazkia: GOOGLE MAPS

Ostiralean, bere lehen lan egunean, ondoezik sentitu eta aldageletan hil zen 59 urteko emakume gasteiztar bat, Murgiako Gorbea egoitzan. Gutxienez 40 laneko heriotza gertatu dira Euskal Herrian 2021ean; horietako bost Araban izan dira.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, joan den ostiralean, 56 urteko emakume langile gasteiztar bat hil egin zen Murgiako Gorbea egoitzan, lan istripu ez traumatiko batean. M.A.G.O-ren lehen lan eguna zen lanpostu horretan, ondoezik sentitu zuen, eta aldageletan zendu zen.

"Azken urteetan ikusten ari gara badagoela hazkunde bat arazo kardiobaskularrek eragindako heriotzetan, laneko arrisku faktoreek eraginda edo areagotuta. Ez da kasualitatea erritmo altuek, lanaldi luzeek eta produktibitate exijentziak eragindako albo-kalteek arrisku faktore hau areagotu dutela, kapitalismoaren logika zitalaren barruan", ohartarazi du LABek. Gainera, azken egunetako muturreko eguraldi beroak arriskuak areagotu dituela deritzo sindikatuak; izan ere, Murgiako heriotzaz gain, 56 urteko eraikuntzako langile bat hil zen ostegunean Lezaman, bihotzekoak jota.

Sindikatu abertzaleak bere "samina eta elkartasuna" adierazi die lankide, senide eta gertukoei, eta salatu du gutxienez 40 laneko heriotza gertatu direla 2021ean Euskal Herrian; LABen datuen arabera, horietako bost Araban gertatu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago