D eredura jo nahi dute Zuian

Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 16:18
Asteazkenean egin dute bozketa Virgen de Oro ikastetxean, familiek D eredu bakarraren alde egiten duten jakiteko. ALEA

Murgiako Virgen de Oro ikastetxeak bozketa bat antolatu du, D eredu bakarrera joateko aukeraz galdetzeko. "Euskara erdigunean" jarriko duen hezkuntza eskaintza egin nahi dute. Familien %82k babestu dute proposamena.

Virgen de Oro ikastetxean hizkuntza eredua aldatzeko prozesua abiatu nahi dute. Hortaz, bertako ikastetxeak familiengana jo du, iritzi bila. Bozketa baten bitartez jakin nahi dute proposamenak nahikoa babes eskuratzen ote duen. Asteazkenean egin dute bozketa presentziala, eta parte hartu dutenen %82,4k alde egin dute. %17,6 kontra azaldu dira.

Orain arte ikastetxean B eredua —ikasgai guztiak euskaraz, Matematika izan ezik— eta D eredua eskaintzen dituzte. Mahai gainean jarritako proposamenak aurrera eginez gero, etorkizunean ikastetxeak D eredua baino ez luke eskainiko.

"Uste eta sinesten dugu Hizkuntza Ereduaren aldaketa egiteko momenturik aproposenean gaudela", adierazi du ikastetxeak, agiri batean. "Izan ere, eredu bakar batekin —D ereduarekin— lan egiteak erraztu egiten du pixkanaka martxan jartzen ari garen proiektu berritzaileak eta aldaketa metodologikoak arrakastatsuak izatea". Ohartarazi dute Matematikan ere "talde ezberdinen arteko interakzioa" bermatu nahi dutela, eta interakzio hau euskaraz izatea bultzatu nahi dutela. Alabaina, B eredua izateak dinamika hauek aurrera eramatea zailtzen duela azaldu dute, eta dinamika horietan ikasle horien parte hartzea ez dela bermatzen. Modu horretan, baliabide pertsonalak "optimizatzeaz gain", hezkuntza arreta "hobea eta kalitatezkoa" eskaini ahal izango dutelakoan daude. Horri gehitu diote D ereduarekin ikasleek "euskara maila hobea eskuratzen" dutela.

Ia familia guztiak

Ikastetxea datuetan oinarritu da proposamena mahai gainean jartzeko. Izan ere, azken urteetan "familia ia guztiek D ereduko hautua" egin dutela jakinarazi dute kaleratutako agirian. Bestetik, datorren ikasturtean indarrean jarriko den curriculum berriak proposatzen dituen "erronka berriei erantzuteko" ezinbestekotzat jo dute prozesua. "Gure helburua da honekin bat egiten duen hezkuntza eskaintza bat egitea, euskara erdigunean jartzen duena, errealitate ezberdinak aintzat hartuz". Argitu dute klaustroaren eta zuzendaritza taldearen laguntza izango dutela prozesuan.

D eredura jotzeko prozesua modu gradualean egingo dute, familien babesa jasoz gero.

Aldaketa, "modu gradualean" egin nahi dutela aurreratu dute antolatzaileek; hala, proposamenak aurrera eginez gero, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelarako matrikula berriei D eredua soilik eskainiko diete. "Noski, gaur egun eskolan B ereduan matrikulatuta dauden ikasleek eredu horretan bukatu ahal izango dute etapa, eta 2 urteko gelarako ez diren matrikula berriek B zein D ereduan matrikulatzeko aukera izango dute". Horrez gain, erantsi dute gaur egun matrikulatuta dauden ikasleen eredu aldaketa egiteko aukera ere ahalbidetuko dutela, zuzenean D ereduan murgildu nahi izatekotan.

Bozketaren emaitzak baliokoak izateko, familien %50ek parte hartu behar zutela ohartarazia zuen ikastetxeak. Hori arazo izan ez zedin, aurreko egunetan boto presentzial aurreratua jasotzeko sistema abiatu zuten, bai eta posta bidezko botoa emateko aukera ere. Jakinarazi dutenez, parte hartzea %52 izan da.

OHARRA: Albiste honen aurreko bertsio batean eta paperezko edizioan aipatzen zen bozketaren antolaketa guraso elkartearen ekimena izan dela, baina berez ikastetxearena izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide