Radio Vitoria irrati kateak jaso duenez, gazteak bi hilabete eman omen ditu emakume ikasleak eta irakasleak grabatzen, ikastetxeko korridoreetan eta kanpoaldean, kiroldegira, edo gimnasia klasera joaten zirenean, eta beti ipurdia enfokatzen zien. Argazkiak emakumezkoen baimenik gabe egiten zituen, eta irudiak beste ikaskide batzuekin partekatu omen ditu.
Jasandako erasoaren aurrean, ikasleek protesta egin dute, institutuan bertan, eta orain publikoki ere salatu nahi izan dute eraso matxista.
Institutuko zuzendaritza, bere aldetik, iragan maiatzaren 12an harremanetan jarri zen gaztearen familiarekin. Hurrengo egunetan ikasleekin eta haien familiekin ere bildu zen zuzendaritza, eta ikastetxeari neurriak hartzeko eskatu zioten gurasoek. Hala adierazi dio Agustin Lopez de Munain Murgiako institutuko zuzendariak Radio Vitoriari. Halaber, berretsi du gaztea ikasturtea amaitu arte kanporatu dutela, eta kasua gizarte zerbitzuetara bideratu dutela.