Badator Gorbeialdeko Mintza Eguna, ekainaren 18an Izarran

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 25a

Pandemiaren osteko lanari balioa emateko festa izango da Mintza Eguna. / ALEA

Ekainaren 18an, mintzalagun eta gurasolagunen topagune bihurtuko da Izarra, Gorbeialdeko Mintza Eguna dela eta. Euskara ardatz, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Mugimendu handiko ikasturtea izan da hau Gorbeialdeko Mintzalagunen proiektuarentzat. Alde batetik, lehen aldia izan da gurasolagun taldeak modu jarraituan biltzen hasi direna, hilabetean behingo udalerriz udalerriko mendi irteeren bidez: Zigoitian, San Bittorrera; Urkabustaizen, Beluntzako ur-jauzietara; Zuian, Jugatxira; Aramaion, Santikurtzera; eta, maiatzaren 22an, Legution, Zabalainera egindako ibilaldia. "Familian euskaraz goizpasa eder bat egiteko aukera izan du hala nahi izan duen guztiak", ospatu dute.

Bestetik, pandemiak behartutako etenaldiaren ostean, mintzalagun taldeak berriro martxan jarri ahal izan dira; talde historikoak berreskuratu dira, eta talde berriak sortu dira.

Egindakoari balioa emateko antolatu dute Gorbeialdeko Mintza Eguna, ekainaren 18an Izarran: "Lan handia eskatu du horrek guztiak; eta egindakoa ezin da itxi festarik egin gabe. Gorbeialdeko mintzalagun eta gurasolagunak elkartzeko festa eguna izango da. Eta, noski, euskaraz aritzeko gogoa duen beste edonork ere har dezake parte bertan, egitasmoan parte hartu ez arren".

Egun osoko egitaraua

Goizeko lehen hitzordua 10:30ean izango da, plazan. Handik abiatuta, bi plan egongo dira aukeran: batetik, familia osoarentzako jolasak, plazan bertan eta gurasolagunen eskutik; bestela, Goiuriko ur-jauzira ibilaldia, Izarratik abiatuta. Ondoren, 12:30ean, Urkabustaizko Triskari dantza taldeak dantza erakustaldia eskainiko du plazan, Dulantziko Haize taldearekin eta Gasteizko Arantzabela eta Orbela taldeekin batera. Amaitzean, mintza-poteorako aukera egongo da.

Parte-hartzaile guztiak 15:00etan elkartuko dira herri bazkarian, baina ekainaren 13a baino lehen honako formulario honen bitartez izena ematea beharrezkoa da. Joxe Mendizabalek girotuko du bazkalostekoa, kantu eta dantza saio batekin. Eta, eguna borobiltzeko, dantza plazan parte hartzeko aukera egongo da, Triskari dantza taldearen eta talde gonbidatuen eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago