Gospelaren plaza izango da Zuia

Erredakzioa 2022ko mai. 8a, 08:00
Goizargi Gospel Choirek parte hartuko du. GOIZARGI

Maiatzaren 20tik 22ra bitartean, gospel doinuek beteko dute Zuia. Gospel Camp nazioarteko topaketa egingo dute udalerriko zenbait txokotan, nazioartean ezagunak diren artisten eskutik.

Maiatzaren 20an egingo zaie ongi etorria Zuia Gospel Camp-en parte hartuko dutenei, Zuiako udaletxean, 20:00etan, eta egitarau zabala izango dute 21ean eta 22an. Gainera, gospelarekin gozatu nahi dutenentzat ere kontzertu irekiak izango dira. Topaketan izena ematen duten lagunek tailerrak, masterclass-ak eta inprobisazio jarduerak izango dituzte, nazioartean ezagunak diren artisten eskutik: Colin Vassell, Didier Likeng eta Ramon Escale.

Zuiako Udalak eta Ramon Escalek berak antolatutako topaketa da Zuia Gospel Camp, Vital Fundazioaren, Laboral Kutxaren eta Kultura Arabaren laguntzarekin.

Ibilbide luzeko musikari polifazetikoa da Escale, eta gospel ikuskizun mota ugari sortu ditu. Azaldu duenez, Zuiako topaketa gospela maite duten pertsonentzat eta musika estilo hori ezagutzeko jakin-mina dutenentzat hitzordu interesgarria izango da. "Bi gonbidatu berezi izango ditugu: Didier Likeng, Belgikan bizi den afrikarra, eta Colin Vassel, Erresuma Batuko gospelaren munduko erreferentea". Tailerretan Escalek ere parte hartuko du.

Halaber, programa osatzeko, bi kontzertu izango dira, Zuian. Horretarako, Goizargi Gospel Choirek hartuko du parte, Euskal Autonomia Erkidegoko erreferente gisa, eta Izar Gospel eskolak ere parte hartuko du, duela lau edo bost urte gospel musikan hasi zen taldea. "Hori guztia, gainera, Zuia bezalako esparru zoragarrian, kontzertu irekiekin, Murgiako elizan eta Oroko santutegian".

Musikari katalanaren esanetan, gospelak sentimenduez hitz egiten du, eta pertsonak hurbildu eta esperientziak partekatzeko bidea da. "Azken batean, ondo pasatzeaz eta elkarrekin gozatzeaz ari gara". Euskal Herrian gospelak duen egoeraren inguruan, Escalek uste du oraindik nahiko ezezaguna dela, baina, aldi berean, interes handia pizten duela. "Zuia bezalako topaketetan, Euskadiko pertsona eta abesbatza askok duten potentzial handia ikus daiteke. Izan ere, kulturak batzen dituen musikaz ari gara, era askotako pertsonak batzen dituen musikaz. Ez da beharrezkoa aditua izatea, jakin-mina baizik". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide