Otua enpresaren jarduera "kutsatzailea" salatu dute Goiaingo eta Urrunagako bizilagunek

Erredakzioa 2022ko api. 26a, 18:19
OTUA enpresan egon zen Arantxa Tapia sailburua iragan urtean. IREKIA
Urrunaga eta Goiaingo administrazio batzarrek  agerraldia egin dute Batzar Nagusietan. Erakundeari esku hartzeko eskatu diote, bizi duten egoera "jasanaezina" delako, eta ingurumena eta osasun publikoa arriskuan ikusten dituztelako.

Urrunaga eta Goiaingo bizilagunak Herriak Bizirik plataforman batu dira, industriaren hondakinak birziklatzen dituen OTUA enpresa "ingurumena eta osasun publikoa" kaltetzen ari dela salatzeko. Halaber, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute bi herrietako batzar administratiboek, eta Arabako Diputazioaren esku hartzea eskatu dute. OTUA taldearen jarduera "zorrotz" kontrolatzea galdegin dute agerraldi horretan, eta bizilagunen osasuna eta ingurumenaren zaintza bermatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Arabako Diputazioari eta Legutioko Udalari.

OTUAk eragiten dituen kutsadura eta zarata arazoak aspaldikoak direla azaldu dute bizilagunek, baina azken urteetan, Goiango enpresa Europa osotik birziklatzeko zaborra jasotzen ari dela nabarmendu dute, eta susmoa dute, gainera, hondakin horietan "kantzerigenoa" den materiala dagoela. "Europako zabortegi berria gara. Antza denez, gure erakundeentzat ekonomia zirkularra hondakinak Europa osotik Legutiora ekartzea da", esan dute.

Batzar Nagusietako agerraldian azaldu dutenez, Goiaingo industrialdeko OTUA taldeko birziklatze enpresak inguruko airea, lurrak eta ura kutsatzen ari dira, eta etengabeko zarata "jasanezina" ateratzen dute. "Irabazi handiak ematen dituen birziklapenaren negozio bat dago gure herrien ondoan, kaltegarriak izan daitezkeen substantziak isurtzen ari dena". Industrialdearen ondoan dauden laboreak eta larreak ere kaltetzen ari direla nabarmendu dute, eta inguruko ganaduaren elikagai izan behar den belar moztu berriak jada "ez duela balio".

"Herriaren heriotza"

Era berean, OTUAren jarduera dela eta, gainerako enpresa txikiak Goiango industrialdetik alde egiten ari direla esan dute bizilagunek. "OTUA taldeak poligonoaren iparraldea okupatu du jada, eta hegoaldea ere okupatzen hasi dira. Denbora gutxian Goiaingo poligonoa monopolizatuko dute, eta horrek herriaren heriotza suposatuko luke ", ohartarazi dute.

OTUA taldeko hamar enpresek material astunak birziklatzen dituzte: ibilgailuak eta industriako hondakinak, besteak beste. Aire zabalean egiten dute lan, eta bizilagunen arabera, era guztietako usainak, hauts eta plastiko partikulak, eta ia urte osoan, eguneko 24 orduetan, zarata etengabea egiten dute bertan lan egiten duten makinek. Orain arte, zarata neurtzeko bi azterlan egin dira, eta sei hilabetez airearen kalitatea aztertu da. Ondorioen zain daude bizilagunak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide