Energia eta materialen krisia eta konponbide faltsuak izenburupean, Adrian Almazanen hitzaldiak irekiko du Lorabarri Asteko egitaraua, maiatzaren 4an, asteazkenean, 18:30ean Sastiñan.
Ondoren, hilaren 7an, larunbatean, Andramariko eskilerak txukuntzeko auzolana egingo dute, 11:00etatik aurrera; egun berean, 20:00etan, Peregrino modernoen oporrak dokumentalaren aurkezpena egingo dute Kultur Etxean, Aimar Uribesalgorekin.
Hurrengo hitzordua igandean izango da, hilaren 8an: 10:30ean, Azkoagan, basalandre jangarriak ezagutu eta biltzeko tailerra egingo dute; 14:30ean jasotakoa kozinatu eta dastatuko dute, Clara Gutierrezen laguntzarekin.
Aste berriarekin batera, asteartean, maiatzaren 10ean, beste hitzaldi bat izango da Sastiñan, 18:30ean: Sistema elektrikoaren oinarriak eta gure etxeko faktura. Nola ulertu? Zer egin dezakegu?, Jon Toña Gorbeialdeko Kuadrillako ingurumen teknikariaren eta Iraia Jauregi AABko ordezkariaren eskutik.
Maiatzaren 11n, asteazkenean, 17:30ean Jubilatuen Elkartean, lixiba garbigarri likidoa eta ontzi-garbigailurako pastillak sortzeko tailerra eskainiko dute Izpiliku kosmetika naturaleko proiektuko kideek.
Hurrengo egunean, ostegunean, Sastiñara itzuliko da Lorabarri Astea, eta Marc Badal Alekako kideak Hazien ugalketa, nola aukeratu landare egokienak haziak lortzeko tailerra emango du bertan, 18:30ean.
Maiatzaren 14an, Lorabarri Azokarekin itxiko dute egitaraua. Azoka posible egiteko, karpa muntatzeko kedada herrikoia egingo dute aurreko egunean, hilaren 13an, 18:00etan herriko plazan; eta 19:00etan, Ekonomatoan, produktuen dastaketa.
Informazio gehiago eskatzeko eta erreserbak egiteko, mezu bat idatzi daiteke aramailurkt@gmail.com helbide elektronikora.
