4,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zuiak, zerbitzuak mantendu eta hobetzeko

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 06:15
Zuiako udaletxea, Murgian. / ALEA

Zuiako Udalak 4 milioi euroko aurrekontua eta 500.000 euro inguruko inbertsio plana onetsi ditu. Besteak beste, espazio publikoa egokitu eta eraberritu eta energia ikuskaritza eta plan bat egingo du. Gainera, 80.000 euro bideratuko ditu herritarren proposamenetara.

Joan den ostiralean, otsailaren 18an, Zuiako Udalak 2022. urteko aurrekontuak onetsi zituen, 3.904.208,25 euroko balioarekin. Horrekin batera, 447.000 euroko inbertsio plana onetsi zuen 2022ko ekitaldirako. Hortaz, Zuiak 4,5 milioi euro inguru izango ditu bere zerbitzu guztiak sendotzeko, azken urteetako diru laguntzen deialdiak aurrera ateratzeko eta, horrez gain, udalerria hobetzen jarraitzeko hainbat inbertsio egiteko.

Aurtengo inbertsioen helburu nagusia oinarrizko azpiegiturak hobetzea izango da, hala nola, edateko uraren hornidura eta saneamendua (144.000 euro). Bestalde, zenbait espazio eta eraikin publiko hobetu eta egokituko dira: esate baterako, Bea Murgia plazako haurrentzako jolastokia, estalki bat jarrita (115.000 euro). Gainera, anbulatorio zaharra birgaitzeko proiektua gauzatuko dute, herriko elkarteek erabiltzeko gune bihurtzeko (50.000 euro). Jesusa Enea Lorategia zaharberritzeko azken fasea egingo da ere, jendearentzat irekitzeko (95.000 euro). Iraunkortasunari dagokionez, duela hamarkada bat hasitako bide beretik, energia-ikuskaritza egingo da udalerri mailan, baita 2030 agendaren barruko ekintza-plan bat (40.000 euro).

Jarduketa horiek guztiek azken urteetan udalerrian egiten ari diren inbertsio eta hobekuntzen osagarri dira. Adibidez, Udalaren kirol instalazioak berritu eta handitzea; lau milioi euro inguruko inbertsioa suposatu zuen 2021eko ekitaldian, obrak 2022ko azken lauhilekoan hasiko diren arren.

Halaber, ia 80.000 euroko partida erabiliko da herritarrek parte hartzeko prozesuetan planteatutako ekintzak gauzatzeko. Besteak beste, Bea Murgia plazako kirol anitzeko pista hobetzea, eremu ilunetan argiteria publikoa hobetzea eta udalerriko ibai, zubi eta bideen izenak dituzten seinaleak jartzea.

Zuiako Udalak kolektiboei, kontzejuei, udalerriko elkarteei eta, oro har, herritarrei bideratutako aurrekontu partidak eta diru-laguntza lerroak mantendu eta hobetu nahi ditu urtez urte. Izan ere, ekitaldi honetan 800.000 euro inguruko diru laguntzak emango dira, eta, besteak beste, udalerriko kontzejuak, alokairurako laguntzak, euskararen erabilera eta ibarreko kolektibo eta elkarteak sustatuko dira.

"Aurrekontu hauek beste urrats bat dira gure udalerriaren hobekuntzan", azpimarratu du EH Bilduko Unai Gutierrez Urkiza alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide