Duela urtebete inguru hasi ziren antolatzen aisialdiaren inguruan bildutako zenbait gazte. Horietako batzuek, gainera, begirale gisa eskarmentua zuten, baina, gehienetan, Zuiatik kanpo egiten zuten jardun hori. Horregatik, otu zitzaien udalerrian bertan ere bazegoela aisialdia taxuz lantzeko aukera. Denbora honetan guztian ideia hori borobiltzen ibili dira, eta, azkenean, elkarte batean gauzatu dute orain: Txintxularra aisialdi taldea.
Astelehenean egin dute talde berriaren aurkezpena Murgian, eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira jasotako babesarekin. "Asko eskertzen dugu harrera hau jaso izana", nabarmendu du Garazi Aldama taldeko kideak. "30 bat guraso hurbildu dira aurkezpenera; eta baita guraso ez diren batzuk ere".
Buruan dituzten asmoen berri eman dute bertan, baina helburu nagusietako bat izan da herrian hautematen diren beharrak lehen eskutik ezagutzea. "Horretarako, lan taldeetan batu gara, ekarpenak jasotzeko". Zuiako aisialdiaren egoera zertan den jakin nahi izan dute horrela. Orain, ekarpen horiek guztiak aztertu behar dituzten arren, joera batzuk azaleratu dira: "Ideia asko atera dira naturarekiko loturak lantzeari buruz, eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak zelan jorratu kezka izan da ere". Aspalditik dagoen beste gabezia bat mahai gainera atera da, gainera: neguan eguraldi eskasa dagoenean estalitako espazio fisiko nahikorik ez dago inguruetan. Euskara arlo akademikotik kanpo atera eta harreman ludikoetan txertatzeko beharra izan da beste kezketako bat.
Horiek guztiak aintzat hartuta, martxoaren 20an lehen ekimena prestatu nahi dute, baina horri forma eman behar diote orain. "Hortik aurrera, gutxinaka joango gara gauza berriak prestatzen".