Ostiral arratsaldean, Ertzaintzak 31 eta 28 urteko bi gizon atxilotu zituen Urkabustaizen. Ustez, etxeetan lapurreta egiten espezializatutako talde bateko kideak dira biak, eta urtarrilean Arabako hainbat etxetan indarra erabiliz egindako zortzi bat lapurretatan parte hartzea leporatu diete: horietako bi Arespalditzan egin zituzten, hiru Izarran, bat Estibalizen, bat Duran eta beste bat Murgian.
18:00ak aldera, Ertzaintzak beren autoa geldiarazi zuen A-2521 errepidean, Urkabustaizko udal barrutian; izan ere, azken asteetako ikerketen arabera, ibilgailua urtarrileko lapurretetan inplikatuta egon zitekeen. Une horretan, polizia-kontroletik ihes egin zuten: emandako jarraibideei jaramonik egin gabe, autoaren abiadura bizkortu zuen bat-batean.
Patruila batek atzetik jarraitu zituen, eta autoaren barruan hiru susmagarri zeudela antzeman zuen. Ertzaintzaren arabera, jazarpenean "ertzainen eta bideko gainerako erabiltzaileen integritatea arriskuan jarri zuten". Azkenean, handik gertu geldiarazi zituzten eta bidaiarietako bi atxiki ahal izan zituzten, baina hirugarrenak ihes egitea lortu zuen.
Polizia-oharraren arabera, bi susmagarriek "hasieratik oso jarrera biolentoa" izan zuten, eta desobedientzia larria eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zituzten.
Azkenik, Lakuako polizia-etxera eraman zituzten biak, eta ertzainek baieztatu zuten urtarrilean Araban indarra erabiliz egindako zortzi bat lapurretatan parte hartu zutela. Beraz, ikerketak zabalik jarraitzen du, beste lapurreta batzuetan duten inplikazioa zehazteko eta ihes egin zuen kidearen identitatea egiaztatzeko.