Aramaiok "atsekabe handiz" hartu du herria pintadaz josita ikustea

Erredakzioa 2022ko urt. 12a, 15:59
Eraikin publiko eta pribatuetan agertu dira pintadak. ARAMAIOKO UDALA

Ezezagunek Covid ziurtagiriaren aurkako pintadak egin dituzte eraikin publiko eta pribatuetan. Udalaren arabera, horiek egin dituztenek ez dakite "nola funtzionatzen duen sistemak", edo "berdin zaie".

Asteartean ezezagunek pintaketa ugari egin zituzten Aramaion: udaletxean, kultur-etxean, Sastiñako baselizan eta baita hainbat pareta pribatutan ere. Covid ziurtagiriaren aurkako pintadak dira, eta udalak "atsekabe handiz" hartu ditu, ohar baten bitartez zabaldu duenez.

Agiriaren arabera, Aramaioko Udala ziurtagiri horren aurka azaldu da, eta "goitik ezarri zaigun kudeaketa eskas honekin kritiko" agertu da ere.

"Osasungintza ez da udal eskumen bat, Covid pasaportea ezartzea udal eskumena ez den moduan", argudiatu dute. Hala izanik ere, udalak dio hasiera hasieratik ahalik eta hobekien saiatu dela herriko eragile ezberdinekin batera pandemiaren kudeaketa egiten, "gure errealitatera egokituz" eta "egunerokoa ahalik eta era bizigarrienean, seguruen eta osasuntsuan garatu ahal izateko malgutasunez".

Modu berean, udalak adierazi du "osasun sistema indartu eta mantendu beharra" behin baino gehiagotan azpimarratu dutela. Halere, pintadak egin dituztenek haien ezinegona herriaren kontra bideratu dutela diote.

"Uste dugu hau egin duten pertsonek edo ez dakitela nola funtzionatzen duen sistemak, edota berdin zaiela gainontzekoei sortzen diguten min eta ezinegona". Udalak dio elkarbizitza "osasuntsu eta orekatu baten alde" lanean jarraituko duela. "Aldarrikatzea zilegi da, noski, baina dagokionari, dagokion moduan eta dagokion lekuan, eta herriari kalte egin gabe", erantsi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide