Zuiak 15.000 euro bideratuko ditu aurrekontu parte-hartzaileetarako

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 17:45

Udalak proposamenen bideragarritasuna baloratuko du. ALEA

Hilaren 20ra arte bidali ahalko dira proposamenak, eta astebete geroago onartuko dituzte aukeratutakoak, osoko bilkuran.

Iaz hasitako bideari jarraiki, aurtengo aurrekontuetan ere Zuiak aintzat hartuko ditu herritarrek egindako proposamenak. Izan ere, 2022. urteko udal aurrekontuei begira, udalak 15.000 euro bideratuko ditu herritarrek egindako proposamenen artean aukeratutako proiektuei ekiteko.

Urtarrilaren 20ra arte onartuko dira proposamenak, udalaren web orrialdean dagoen formulario baten bitartez. Horrelako prozesuetan egin ohi den moduan, udalak proposamenen bideragarritasuna baloratuko du, eta horren arabera ezarriko ditu lehentasunak.

Egitasmoak bi helburu ditu, udalak ohar batean adierazitakoaren arabera: azken urteotan herritarrekin egin diren "zuzeneko elkarretaratzeen nolabaiteko jarraipena lortzea", eta herritarrek parte hartzeko "iaz jorratutako bide berri batean sakontzea".

Urtarrilaren 27an egingo duten osoko bilkuran onartuko dituzte behin-betiko partidak, urte osorako gainerako aurrekontuarekin batera.

"Jasotako proposamen guztiak gauzatzea bideragarria ez bada, udalerriaren beharretara eta proposamen guztiei aplikatuko zaizkien irizpide orokorretara ondoen egokitzen direnak" hautatu beharko dituztela aurreratu dute.

Iaz landutako aurrekontuetarako, udalak 23 proposamen jaso zituen. Horietatik hiruk diru partida bat jaso zuten. Altzariak eta tresnak uzteko espazio itxiak prestatzeko 8.000 euro eskaini zituzten. Beste 5.000 euro argiak erostera bideratu zituzten, gazteek goizean goiz institutura doazenean erabil zitzaten. Azkenik, inausketa hondarrak biltzeko guneak garbitu eta egokitzeko proposamenak 2.000 euro jaso zituen.

Bederatzi proposamen ez ziren aukeratuak izan aurreko partidetan bazeudelako. Gainerakoetan, udalari ez zegozkion ekimenak zirelako baztertu zituzten.

Azken hauen artean badira bitxikeria batzuk. Kasurako, herritar batek proposatu zuen musika etxean eta liburutegian karbono dioxidoa neurtzeko gailuak jartzea, baina udalak argudiatu zuen horiek jarriko zirela "arautegiak hala eskatzen duenean". Modu berean, "kale arrosa garbitzeko" proposamen bat jaso zuten, "grisa dirudi eta", baina udalak erantzun zuen ez zekiela zein zen kale hori.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago