Murgiako Institutuan Batxilergoko etapa ikasteko aukera egon dadin sinadura bilketa bati ekin diote hainbat guraso elkartek. Aspaldiko eskariari hauspo berri bat eman nahi diote orain, eta, horretarako, gurasoengana jo dute, babes bila. Salatu dutenez, aurrez ere eskaria gutunez helarazia diote Hezkuntza Departamentuari, baina orain arte ez dute erantzunik izan.
Agiri batean jaso dutenez, Gorbeialdeko eta Kuartangoko 80 bat ikaslek egunero Gasteizera joan behar dute Batxilergoa ikastera, Murgiako Institutuan ikasketa horiek egiteko aukerarik ez dagoelako. Alabaina, eskaria egin duten taldeen esanetan, Gorbeialdean eta Kuartangon badira ikasle nahiko Murgian Batxilergoa ezarri ahal izateko, eta etorkizunean ere horrela izango delakoan daude.
Aurreratu dutenez, sinadura bilketak arrakasta izanez gero, Jaurlaritzarengana joko dute, eskari formala eginez. Hala izatekotan, Izarran, Zigoitian, Murgian, eta Legution ikasten ari diren gazteek aukera izango lukete unibertsitate aurreko ikasketak Murgian bertan egin ahal izateko.
Errotze falta
Argudiatu dutenez, egunero Gasteizera joan behar izateak "diru eta denbora" galera dakar, eta baita "arriskua" ere. Horrez gain, lurralde orekaren gaineko ardura agertu dute. Ikasketak gertu mantentzea "eskualdeko gazteen kohesiorako eta errotzeko" faktore garrantzitsua dela azpimarratu dute, "are gehiago Gasteiz bezalako biztanleria eta zerbitzu foku handia ondoan izanik". Beldur dira errotze falta hori ez ote den islatuko biztanleriaren galera batean, edota herriak "lotarako bakarrik" bihurtuko ote diren.