Urkabustaizek zergak izoztu eta tasa batzuk eguneratu ditu

Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 16:45

Urkabustaizko udaletxea, Izarran. / ALEA

2022an OHZ, JEZ, EIZ, ibilgailuen eta udal gainbalioaren zergak izoztea eta tasak eguneratzea onartu du Urkabustaizko Udalaren osoko bilkurak. Besteak beste, %6 igoko da zabor-bilketaren gaineko tasa.

Urkabustaizko Udalak 2022. urteko udal zergak izoztea erabaki du: besteak beste, OHZ, EJZ, ICIO, Ibilgailuen gaineko Zerga eta Gainbalioaren gaineko Zerga. Gainera, eraikinen errentagatiko, hobekuntzagatiko eta irisgarritasunagatiko hobariak finkatuko dira, baita ingurumen jasangarritasunaren eta eraikinen isolamenduaren alde 2020ko ekitaldian ezarritako neurriak ere.

Tasa eta prezio publikoei dagokienez, Urkabustaizek horiek eguneratzen joatea erabaki du, eskaintzen diren zerbitzuen iraunkortasun ekonomikora hurbiltzeko. Besteak beste, igerilekuak erabiltzeagatiko tasaren prezioak —2007tik eguneratu gabe—, udal kiroldegiko instalazioak erabiltzeagatiko tasak —2002tik eguneratu gabe—, eta Udalekuen zein Urkabustaizko Musika Eskolaren jardueragatiko tasak —2016tik eguneratu gabe— eguneratu dira.

Iraileko osoko bilkuran onartutako planteamendu horrekin, Udalak pixkanaka udal zerbitzuen iraunkortasun ekonomikoa lortu nahi du, kostuaren eta horiek finantzatzeko tasa edo prezio publikoaren bilketaren zenbatekoaren arteko aldea gehiago handitzea saihestuz.

Zaborrak

Gorbeialdeko Zaborren Partzuergoak, urriaren 7ko batzarrean, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin, zaborrak biltzeko tasa %6 igotzea onartu zuen, eta, beraz, zerbitzuaren prezioa urtean 84,54 eurokoa izango da etxebizitza eta lokal komertzialetarako. Urkabustaizko Udaleko osoko bilkurak planteamendu hori berretsi du urriko osoko bilkuran.

Azaldu dutenez, hainbat arrazoi daude igoera horren atzean: besteak beste, 2022rako Gasteizko Udalak %5eko igoera aplikatu izana Jundizko lantegira eramango den tonaren prezioari, 2020an 2019an jasotakoarekin alderatuta bildu diren zabor tonak %3 baino gehiago igo izana, eta 2021ean 2020arekin alderatuta igoera bera izango dela aurreikusi izana. Gainera, martxan dagoen lizitazio berriaren kostua handiagoa izango dela aurreikusi du Udalak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago