Legutioko Udalak beharrezkotzat jo du tokiko HAPOa berritzea, "egungo testuingurura egokitzeko eta udalerriaren etorkizuneko garapena" zehaztuko duten ildo nagusi berriak zehazteko. Izan ere, 2003an onartu zen azken plangintza, eta orduz geroztik udalerria eta biztanleriaren eskakizunak asko aldatu direla ondorioztatu dute.
Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak udalerri osorako hirigintza arauak jasoko ditu, 2021-2041 zeruertza kontuan hartuta eta lehentasun berriak zehazteko asmoz. Udalak azpimarratu duenez, bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzea izango du helburu nagusi, eta horretarako zenbait gidalerro aurreikusi ditu: lurraldearen bizigarritasuna hobetzea, eremu libreez gozatzea edota zaintza espazioak eskaintzea "egunero bizi, lan egin, erosi eta, azken batean, bertan bizi diren pertsonen aniztasunera egokitzeko beharrari dagokionez".
Horrekin batera, HAPO berriaren eragin esparruak ere zehaztu ditu Legutioko Udalak, betiere "pertsonen eguneroko bizitzan" eragina izanik, bai kontzejuetan, bai hirigunean: espazio publikoan —kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak—, ekipamenduetan —kultura, kirola, hezkuntza, osasuna, gizartea—, komunikazio azpiegituretan, mugikortasunean, natura eta kultura ondarean, etxebizitzan eta jarduera ekonomikoetan —merkataritza, turismoa, industria, zerbitzuak—.
HAPO berriaren esleipena eta ardura bere gain jaso du CCRS kolektiboak, aditu talde zabalekoa hirigintzan, ondarean, biologian, generoan, ingurumenean, paisaian, zuzenbidean, ekonomian eta abarretan. Gainera, plangintza garatuko den urteetan zehar, prozesuaren jarraipena egingo dute, herritarrekin batera. Zalantzak argitzeko eta behar kolektiboei erantzuteko asmoz, helbide elektroniko bat jarri dute martxan: pgou-hapo@legutio.eus.
Prozesu parte-hartzailea
"Funtsezkoa da plan berriak biztanleriaren askotariko errealitate eta beharrak barneratzea", azpimarratu du Udalak. Horretarako, zenbait jarduera parte-hartzaile planteatu dituzte prozesua aurrera eramateko, biztanleek beren egunerokotasunaren isla eta bizimodua nahiz espazioarekin duten erlazio modua adierazteko aukera izan dezaten.
Herritarren parte hartze hori prozesuaren lehen hilabeteetan garatuko da, informazioa bildu eta hortik abiatuta planaren aurrerapena gauzatzeko. Parte hartzeko deialdien informazio osatua eta prozesuari lotutako dokumentu ofizial guztiak Legutioko Udalaren webgunean argitaratuko dira.