Udalerrian ustiatzen den ganaduaren lagin bikaina aurkeztuko dute igande honetan Urkabustaizko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren hamaikagarren edizioan. Iaz ospatu ezin izan zuten feria itzuliko da, beraz, Izarrara, eta ganaduzaleekin batera inguruko artisauak eta ekoizleak izango dira bertan.
Aurten, bisitarientzako arreta-gunea Izarrako udal plazan jarriko da. Bertan, gainera, hogei ganadu-lote baino gehiago izango dira, eta horien artean Casina eta Pirinioko arrazako behiak eta terreñak nabarmenduko dira. Zaldien artean, pottokak eta Euskal Herriko mendiko zaldiak izango dira, baita Enkarterriko arrazako astoen sortaren bat ere. Ardien artean, latxak, sasiardiak eta pelibuey arrazako abereak izango dira, eta azpigorri ahuntzak. 11:00etan sartuko da ganadua azokara eta 14:30ak arte zabalik egongo da erakusketa. Halaber, Urkabustaizko gazta, haragia eta gozogintzako ekoizleak eta Euskal Herriko artisau eta ekoizleen ordezkaritza garrantzitsu bat bilduko da Izarran.
Urkabustaizko Musika Eskolak Izarrako kaleak animatuko ditu, eta horrekin batera txikienentzako tailerrak, Zanguango taldearen antzerki ibiltariak eta produktuen zozketak kolore gehiago emango diote egunari.