Urriaren 14ko osoko bilkuran, Zuiako Udalak hainbat ordenantza onartu zituen. Nabarmendutako neurrien artean, horietako bat energia berriztagarrien instalazioa bultzatzeko hobariei lotuta; bestea, ostalaritzari laguntzeko eta sektorea suspertzeko laguntzak eskaintzeko. "Udal honen beste keinu txiki bat da, bizi dugun pandemiak gehien jo dituen sektoreak suspertzen laguntzeko", adierazi du Unai Gutierrez alkateak (EH Bildu).
Energia berriztagarriei dagokionez, alde batetik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %50eko hobaria sortuko da hiru urteko zergaldian, eguzki energiaren bidez energia termikoa edo elektrikoa autokontsumitzeko sistemak jartzen dituzten eraikinentzat; instalazio horiek gutxienez 3 kilowatteko potentzia eta dagozkien ziurtagiri ofizialak izan beharko dituzte.
Horrekin batera, energia berriztagarrien sistemak instalatzeko Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) hobaria %50etik %95era igoko da, "udal zein herritar mailan eredu energetikoaren aldaketa bultzatzeko".
Bestalde, zaborren tasa %6 handituko da —4,79 euro urtean—, etxe batean sortutako hondakin guztiak kudeatzeagatik. Igoera horren helburua hurrengo lau urteetan egungo defizita %50 murriztea da; izan ere, zerbitzuarekin sartzen den dirua zerbitzuaren kostua baino %43 txikiagoa da.
Azkenik, prezio publikoetan guraso bakarreko familiei zuzendutako hobariak %10 handitzea onartu dute.
Ostalaritza
Tasa eta hobarien inguruko berritasunez gain, ostalaritza eta ostatuen sektoreari laguntzeko 40.000 euroko partida onetsi du Zuiako Udalak, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak arintzeko eta sektorea suspertzen saiatzeko helburuarekin. Laguntza horien onuradunak beren kontura lan egiten duten pertsona fisikoak eta autonomoak izan daitezke, baita ostalaritzako zein ostatuko establezimendu eta zerbitzuen enpresak eta sozietateak ere, edozein forma juridiko dutela ere; betiere, 2021ean Covid-19aren ondorioz hartutako neurri murriztaileen eraginpean egon badira.
Bi laguntza mota izango dira, kasu honetan: kafetegi, taberna eta jatetxeek 1.500 euro jaso ahal izango dituzte; ostatu mota guztientzat, berriz, 3.000 euro izango dira. Zenbatekoa ez da inoiz aurkeztutako eta justifikatutako gastuei dagokiena baino handiagoa izango, eta ordainketa bakarra egingo da deialdia ebatzi ondoren.
Deialdia azaroan argitaratuko da eta 20 eguneko epea izango da eskaerak aurkezteko.