ASTRONOMIA

Izarren artean ez galtzeko

Juanma Gallego 2021ko urr. 23a, 08:00

Oroko santutegia leku aparta da zerua behatzeko... eguraldiak laguntzen duenean. J.G.

Astronomia tailerra egin dute Zuian, baina, zoritxarrez, hodeiek ere izena eman nahi izan dute bertan. Izar eta planeta asko ikusteko aukerarik izan ez badute ere, konstelazioak erakusteko modua inprobisatu dute.

Batzuetan zortea ez da bidelagun atsegina. Ikustea besterik ez dago Guillaume Le Gentil astronomoari gertatu zitzaiona. 1760an atera zen Frantziatik Indiara joateko, bertatik Artizarraren trantsitu bat behatzeko. Zortzi urtean behin gertatzen dira horrelakoak, eta, garai horretan, behaketa horiek ezinbestekoak ziren Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia kalkulatzeko. Indiara iristear zegoela, Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko gerra bat hasi zen, eta ezin izan zuen behaketa egin. Zortzi urte eman zituen Indian, hurrengo hitzorduaren zain. Bada, 1769ko ekainaren 3a oskarbi esnatu zen, baina, ondoren, hodeiek zerua estali zuten. Akabo. Hamaika urte eta erdi atzerrian eman ondoren, jaioterrira itzuli zen, baina orduan konturatu zen bidalitako gutun guztiak bidean galduak zirela, eta bera hiltzat hartua zutela. Haien jabetza guztiak oinordetzan emanak zituzten, eta Frantziako Akademian zuen postua ere galdu zuen Le Gentil gixajoak.

Hilaren 15ean ere zortea ez zen erabateko bidelaguna izan Oroko santutegiaren inguruan (Zuia) bildutako haur eta helduentzat. Haraneko ortzi gehiena garden zegoen, eta Ilargia dotore-dotore ikusten zen. Oroko haitzen inguruan, baina, hodei multzo handi bat pilatuta zegoen, eta hodei horiek hor eman zuten gau osoa. Egun horretarako Zuiako Udalak antolatua zuen astronomia tailer bat, Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Zerua begi hutsez eta teleskopio bitartez ikustea zen asmoa, baina hodei tematiak ziren gau horretakoak.

"Beno, halakoetara ohituta gaude: Gipuzkoan antolatzen ditugu behaketa gehienak, eta normalean oso zaila da zerua garden ikustea", azaldu du Aranzadiko astronomia saileko kide Virginia Garciak. "Horregatik, beti daukagu beste zerbait prestatuta, badaezpada ere".

Planisferioak baliatu dituzte izarrak eta konstelazioak aurkitzen ikasteko. J.G.

Kasu honetan, ez zuten ordenagailuetara jo behar izan zeruaren berri emateko. Duela gutxi argitaratu dute Elkano euskal planisferioa, Euskal Herriko latitudeari bereziki egokitutako tresna, eta hori izan da baliatu dutena.

"Planisferioek erakusten digute egun eta ordu zehatz batean ikusiko digun zerua", azaldu die Garciak tailerrera bertaratu direnei.

Lehen pausuak eman ahal izateko, planisferioan eguna eta ordua jartzea da aurrena. Ondoren, puntu distiratsu batetik bestera zehar egindako bidaia dator.

Konstelazioen dantza

Lehen begirada batean bederen,  zeruak puzzle konplikatua ematen du, baina, behin jakintza minimo batzuk eskuratuta, errazagoa da konstelazioen artean bidaiatzea. Hoberena da ezagunenetatik hastea: Hartz Handia eta Hartz Txikia. Ondoren etorriko dira Orion, Zefeo, Lira edo Herensugea.

Horien artean, Cassiopeia aurkitzea bereziki erraza da, W baten itxura duelako. Konstelazio horren eta Hartz Handiaren artean kokatzen da Iparrizarra. Izar hori planisferioan aurkitzea are errazagoa da. "Iparrizarra planisferioko txintxeta da", azaldu du Aranzadiko kideak. "Bereziki marinelek erabiltzen zuten lehen, iparra aurkitzeko, eta baita latitudea kalkulatzeko ere", azaldu du Garciak. Baina sekretu bat kontatu die bildutakoei. "Nire aitona marinela zen, eta Pasaiatik ateratzen zen, normalean Ternua aldera. Berak beti esaten zidan normalean itsasoan Iparrizarra ez dela aise ikusten. Horregatik, konstelazio argitsuenei erreparatzen zieten".

Gustura azaldu da Garcia jasotako erantzunarekin, eta horren gaineko dibulgazioarekin jarraitzeko beharra azpimarratu du. "Normal ikusten dugu animaliak eta landareak babestea, eta geoparkeak ere baditugu. Baina gaur egun zerua erabat ahaztuta dago, are gehiago argi kutsadurarekin". Jakintza hori berreskuratzeko beharra azpimarratu du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago