Legutioko obra batzuetan agertutako Gerra Zibileko obus bat indargabetu dute

Erredakzioa 2021eko urriaren 20a

Jaurtigaiak 44,5 kilogramo pisatzen eta 630 milimetro neurtzen zituen. / Arg: ERTZAINTZA

Obra bateko langileek Legution aurkitutako Gerra Zibileko obus bat indargabetu du Ertzaintzak. Artilleriako jaurtigaia Berroziko instalazioetara eraman eta kontrolpean leherrarazi dute.

Astelehen honetan, 15:00ak aldera, langile batek Ertzaintzari jakinarazi zion Legution egiten ari diren obra batean jaurtigai handi bat izan zitekeena agertu zela. Bertaratu ziren agenteek egiaztatu zuten lehertu gabeko artilleriako jaurtigai bat zela. Berehala, segurtasun dispositibo bat aktibatu zuten, eremua sokaz inguratuz.

Ondoren, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko adituak agertu ziren. Beharrezko ekintzak egin ostean, jaurtigaia Berroziko instalazioetara eraman zuten, bertan kontrolpean leherrarazteko.

Ertzaintzaren unitate berezi horretako adituen arabera, artilleriako jaurtigaia Gerra Zibilekoa zen, eta 155 milimetroko kalibrea, 630 milimetroko luzera eta 44,5 kilogramoko pisua zituen. Gainera, 4.230 gramoko trilitazko karga leherkorra zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago