1936ko altxamendu militarra jasan zuten pertsonen duintasuna eta oroimena Askuren mendian –Urkabustaiz, Urduña eta Lezama artean– berreskuratu dute. Bertan, 1937ko maiatzaren 26tik 31ra bostehun gora gizon hil ziren, eta horietako askok mendi horien artean lurperatuta jarraitzen dute.
Arrastaria, Urduña eta Amurrio kontrolatzen dituen mendi txiki horretan, lubakiez inguratuta, lagun horien historia jaso dute, Memoria Ibilbide batean. "Garai hartako pertsonen historia ezagutarazi nahi da, frontea euren etxeetara hurbildu zenean leku seguruago baten bila abiatu zirenen historia eta euren senideak erbestera bidali behar izan zituztenena ere".
Uzkiotik abiatzen da Urkabustaizko Udalak egokitu duen ibilbidea; herriaren irteeran aparkalekua dago eta bertatik atera daiteke Askuren mendira, ondo seinaleztatutako bide batetik. Errepublikanoek Askuren eta Txibiarte mendiak gotortu zituzten, matxinatuek egiten zituzten erasoetatik defendatzeko. Mendi horiek guztiek duela 80 urte baino gehiago eraikitako babesen hondarrak gorde dituzte.
Informazio taula batean irakur daitekeenez, 1937ko maiatzaren 26an erasotu zuen armada frankistak Askuren eta Txibiarte. Eusko Gudarosteak ezer gutxi egin ahal izan zuen erasoaren aurrean, eta egun hartan bertan mendiak frankisten esku geratu ziren. Maiatzaren 31n, ordea, gailurra berreskuratzeko azken ahalegina egin zuten errepublikanoek eta Askurenen ikurrina jartzea lortu zuten,
Lubakiak egin zituzten milizianoen oroimena berreskuratu dute
baina berehala atzera egin behar izan zuten. "Diktadurak iraun zuen berrogei urteetan zehar, alde politiko jakin batena izan zen kontakizun ofizial bakarra. Mendi hauek defendatzeko lubakiak egin zituzten pertsonen oroimena isildua izan zen".
Gernikako bonbardaketa
Memoriaren Ibilbidearen jatorria 2016tik EHUk gidaturiko indusketa kanpainak dira. Horiei esker, bunkerrak, lubakiak eta aterpeak aurkitu ahal izan dira, eta agerian utzi dira. Gainera, mila pieza baino gehiago aurkitu ziren. Horiek erakusten dute nola borrokatu zen, baina baita fronteko bizitzaren egunerokoa ere.
Hala, lubakietako egunerokotasunari buruz, tauletan jasotako informazioaren artean, aipatzen da 2017an egindako indusketan Euzkadi egunkariaren zatitxo bat aurkitu zela. "Irakur zitekeen hitz bakanetako batzuk Gernikako bonbardaketari buruzkoak ziren, baita Larraurin izan zen beste bonbardaketa baten ondorioz hil ziren ume batzuen heriotzari buruzkoak ere. Berba haiei esker data jarri ahal izan zitzaion egunkariari".
1937ko maiatzaren 26an erasotu zuen armada frankistak Askuren eta Txibiarte.
Askuren mendira Cecilia Garcia de Gillarte idazle eta kazetari donostiarrak egindako bisita ere jaso dute. "Txibiarte mendian zeuden Bakunin batailoiko miliziarrei buruzko erreportaje zabala idaztea zuen helburu". Halaber, tokia defendatzen aritu ziren pertsonen historia ere ezagutarazten laguntzen du Memoriaren Ibilbideak. 2018ko indusketan, esate baterako, Leandro Carro batailoiko Manuel Mogrovejo miliziano gaztearen txapa aurkitu zuten. "Gerra amaitu zenean, Frantziara alde egin zuen. Gurseko 1937ko (Frantzia) kontzentrazio-esparruan sartu zuten lehenengo, eta ondoren, Mauthausengoan (Austria). Bera izan zen nazien kotzentrazio esparru izugarri horretatik bizirik atera zen euskal herritar bakarrenetakoa".