Urkabustaizek frontoia berritzeko prozesu parte-hartzailea jarri du martxan

Erredakzioa 2021ko ira. 23a, 17:00

Gabezia ugari ditu Jolas Leku pilotalekuak. ROBERTO LOPEZ DE CALLE

Saioak urtea amaitu bitartean luzatuko dira.

Urkabustaizko Udalak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan Izarrako Jolas Leku pilotalekua berritzeko. Prozesu horren bidez, udalerriko eragileekin batera, korporazioaren eta herritarren iritzia jaso nahi da.

Hiritik At kooperatibak koordinatuko du prozesua, hainbat fasetan banatuta egongo dena: diagnostikoa, proposamenak eta definizioa. Saioak egunotan hasiko dira eta urtea amaitu baino lehen amaituko dira; Udalak jakinarazi du horien datak webgunean eta sare sozialetan iragarriko direla.

Gabezia ugari

Urkabustaizko alkate Xabi Alvarez de Arcayak gogorarazi du eraikina "oso zaharra" dela eta "hainbat gabezia" dituela arkitekturan, instalazioetan, irisgarritasunean, espazioan eta baita klimatizazioan ere: "Modernizatu edo berritu egin behar da, eta hori guztion artean erabaki nahi dugu, erabiltzaileen beharrei erantzutea nahi dugulako", gaineratu du. Alkateak prozesuan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago