Astelehen goizean, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak esku hartu zuen Zigoitian. Izan ere, baratzean lanean ari zen bizilagun batek jaurtigai bat aurkitu zuen erdi lurperatuta. Berehala, Lakuako ertzain-etxeko landa-patruilako hainbat agente bertaratu ziren, lehertu gabe zegoen artilleriako jaurtigai bat zela egiaztatuz. Segurtasun dispositiboa aktibatu zuten orduan, eta eremua sokaz inguratu zuten.
Ondoren, Ertzaintzako artezilariek obusa hartu eta leku seguruago batera eraman zuten —zehazki, Muruako harrobietara—, eta bertan leherrarazi egin zuten, 12:00ak aldera.
Jaurtigai gehiago Bizkaian
Gainera, azken egunotan, unitate bereko ertzainek beste mortero-jaurtigai bat indargabetu zuten Ibarrangelun (Bizkaia), Lagako hondartzan. Hondartzako sorosleek igande goizean aurkitu zuten jaurtigaia; eremua sokaz inguratzeko protokoloa abian jarri ostean, artezilariek lehergailua leku seguruago batean indargabetzeko eta leherrarazteko erretiratu zuten.
Bestalde, astelehen arratsaldean beste aurkikuntza bitxi bat egin zuten Gatikan: ojiba falta zitzaion 75 kalibreko jaurtigai baten gorputza aurkitu zuten, TNT karga nagusi detonatzailea barruan zuela. Jaurtitako jaurtigai bat zen, baina, ezohiko inguruabarrak tarteko, ez zen lehertu; dirudienez, ojiba —espoleta izaten den lekua— galdu zuen inpaktuan. Leherrarazi zutenean frogatu ahal izan zuten karga nagusia jaurtigaiaren gorputzaren barruan zegoela.
Ertzaintzak azaldu duenez, aipatutako jaurtigaiak kalibre ezberdinetakoak dira eta askotariko erabilera zuten. Horien artean, Poloniako eskuko granada bat, Arrietako Goiri auzoan aurkitu zuten; topatu zutenean, abioko mekanismoak herdoilduta zituen, baina bere lekuan zeuden.