Gorbeiako pistetan eta baso bideetan, Zuiako eta Zigoitiko lurretan, ibilgailuen joan-etorria mugatuta egongo da gaurtik urriaren 3ra arte. Marrualdi eremu mugatuan oinez, bizikletaz edo zaldizko ibilaldi guztiak Bidezidorren Sare Orokorraren barruan egin beharko dira –behar bezala markatuta dagoena–, eta ezin izango da haietatik irten. Zaldiz eta mendi bizikletaz ibiltzeko gainera, parkeko kudeaketa organoaren baimena beharko da.
Ikusteko bi gune
Bestalde, marrualdia ikusteko, Diputazioak bi gune prestatu ditu, eta horietara bertaratzen direnek isilik egon beharko dute, estalita eta geldirik. Argazkiak flashik gabe egin ahal izango dituzte, baina oreinengana hurbildu gabe eta linternak, fokuak edo antzekoak erabili gabe. Murrizketa hauek bi helburu dituzte: oreinen sakabanatze geografikoa saihestea eta ugalketa edo marrualdi garaian hautespen naturala erraztea.