Iraileko lehenengo bi asteburuetan egingo da Zigoitia Euskaraz

Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 09:46
MIkel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Muruako harrobietan. M.U.

Muruako harrobietan egingo den jaialdira joateko aldez aurretik izena eman behar da.

Bizi dugun egoera dela eta, hainbat aldaketa izango ditu Zigoitia Euskaraz jaialdiaren ohiko egitarauak. Izan ere, pandemiaren eraginez, aforoa murriztu behar izan dute, eta aldez aurretik izena eman beharko da Muruako harrobietan sartzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, izen-ematea irailaren 1ean zabalduko da, zigoitia.eus webgunean; eta harrobietan sartu ahal izango den auto kopurua mugatuta egongo da. Gutxienez lau lagun joan beharko dira auto bakoitzean, eta aforoa betetzen denean ezingo da auto gehiago sartu.

Irailaren 11n egingo den Muruako harrobietako jaialdia 12:00etatik aurrera hasiko da. Aurten, kontzertua Mikel Urdangarinek eskainiko du, Nika Bitchiashvili biolinistarekin batera. Halaber, Oihane Perea, Izar Mendiguren, Mikel Goikuria eta Aintzira Gorosabel bertsolariek Ertzetik bertso-saio musikatua plazaratuko dute. Oketa-Alai dantza taldearen eta Jare dantza-taldearen emanaldiak ere izango dira, eta Zigoitiko txalapartarien soinuak entzungo dira bertan.

Gainerakoan, ohiko hitzorduak izango dituzte:

  • Irailak 4, larunbata: Bizikleta Martxa, 16:00etatik aurrera, Olanotik Bengolarrara. Ondoren, Burutik jota ikuskizuna Trokolo teatro taldearen eskutik, eta dantza-plaza izango dira.
  • Irailak 5, igandea: Meza euskaraz, 12:00etan, Etxabarri-Ibiñan. Ondoren, Mairu Abesbatza eta Oketa-Alai dantza-taldearen emanaldiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide