Oraingoan ur parkearen kontrola dagoen gelaren atea izan da Aramaion apurtu dutena

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 07:58

Bidegabeko ekintzak ugaritu dira azken hilabeteotan.

Asteon, gauez, ur parkearen kontrola dagoen atea guztiz hondatu dute. Udalak jakinarazi du atean baino ez direla apurketak izan eta barrualdean ez dutela ikusi ezer hondatuta. Gaineratu du behin konponduta, ez duela arazorik eragin ur parkearen funtzionamenduan.

Azkenaldian apurketa asko ari dira gertatzen udalerrian. Ekainean, parkean kokatuta dagoen Bizente Goikoetxearen eskulturari bigarrenez egin zioten eraso, sudurra eta belarria apurtuz. Maiatzaren amaieran, berriz, Kasatxo inguruan izan ziren apurketak. Beheko irudian ikusten denez, eraikineko hormak margotu zituzten eta inguruko hamar bat zuhaitzetan kalteak eragin zituzten.

Apirilean Ibarrako eguneko zentroaren kontrako erasoa gertatu zen. Hainbat egunetan aurreko eraikinean bizi den norbaitek patatak eta hainbat fruta mota jaurti zituen Lurgorri pasealekuan dagoen zentroaren kontra. Martxoan, aldiz, parkean zegoen mahai bat lurretik atera eta eskola azpira eraman zuten. Bestalde, abenduan eskolako patioko sabaian ere izan ziren apurketak.

Aramaioko Udalak behin baino gehiagotan azpimarratu du ezin direla horrelako gertaerak onartu eta irmotasunez salatu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide