Harginen lana argitu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 19a, 12:00

Aranzadi zientzia elkarteko Javi Castrok Gorbeiako Parke Naturalean errotarrien harrobien inguruan urte luzez egin duen ikerketa aurkeztu du; Zuian 61 harrobi eta Zigoitian beste 51 katalogatu ditu.

Europako harginek errotarriak aire zabaleko edo lurpeko harrobietan lortzen zituzten, eta horren lekuko dira kontinente osoan zehar sakabanaturik aurkitu diren milaka errotarrien harrobiak. Horien aztarnak garaiko ofizio baten eta eguneroko bizitzaren historia ezagutzeko ondare garrantzitsu baten zati dira, baina ondare hori ez da oso ezaguna, eta, oro har, ez dago babesturik.

Euskal Herriko Errotarri proiektua Alain Belmont (LAHRA Unibertsitatea, Grenoble) irakasleak zuzendutako harrobiak katalogatzeko proiektu europar baten barruan kokatzen da. Proiektu hori 2010. urtean jarri zuten martxan Euskal Herrian, eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoan 236 errotarri-harrobi katalogatu ahal izan dituzte, eta milatik gora hondar-ale horien inguruan; Nafarroan, berriz, beste 88 harrobi topatu dituzte, eta 460 hondar baino gehiago inguruan.

142 harrobi katalogatu dira: 61 Zuian, 51 Zigoitian eta 30 Orozkon

Bada, iazko abenduan aurkeztu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Castro Montoya ikertzaileak, Errotarri egitasmoaren barruan, Gorbeiako Parke Naturalean – Zigoitian, Zuian eta Orozkon– egin dituzten prospekzioen emaitzak. Datuak harrigarriak dira, eta errotarriak egiten zituzten harginen ofizioak Erdi Aroan izan zuen garrantzia agerian utzi dute.

Guztira, 142 harrobi katalogatu dituzte, 61 Zuian, 51 Zigoitian eta 30 Orozkon. 700 eta 1.100 metroko altueren artean daude harrobien %81,7, eta beste %1,3, berriz, 1.100 eta 1.300 metroko altueren artean. Gainera, Parke Naturalaren mugaren inguruetan, Orozkok  beste sei harrobi ditu, eta Zuiak eta Baranbiok harrobi bana. Harrobien datazioaren inguruan azterketa zehatzik egin ez badute ere, hipotesia da Erdi Aroa izan zitekeela harrobi horien etapa aktiboa. "Gorbeian aurkitutako 142 harrobiren %64,8 garai historiko horretatik ustiatuak izan zitezkeen", jaso du Castroren ikerketak.

Gorbeiako Parke Naturalean katalogatu dituzten harrobiak tokiko eremu propio baten parte baldin badira ere, "entitate mikroglobal" handiago baten parte direla nabarmendu du Aranzadiren ikerketak, hain zuzen mendebaldetik Ordunterantz eta ekialdetik Elgea-Urkillarantz joaten den lurraldearen parte. "Eremu horretan, Errotarri proiektuaren ikerketak jarraitzen du, eta orain arte hamabost kokaleku aurkitu dituzte".

Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Castro ikertzaileak gidatu du lana

Gorbeiako Parke Naturaleko harrobi bakoitzaren fitxa teknikoa indarrean dagoen proiektu europarraren barruan jaso dute. Fitxa horiek Atlas Meulièresen webgunean argitaratu dituzte ( http://meuliere.ish-lyon.cnrs.fr ), Frantziako Grenobleko Unibertsitateko Rhône-Alpeak ikerketa historikorako laborategiko Alain Belmonte irakasleak kudeatuta.

Aranzadi Zientzia Elkarteak kolaboratzaileen eta informatzaileen lana nabarmendu nahi izan du, modu batean edo bestean ikerketa osatzeko oso lagungarriak izan direlako. Hirurogeita hamar laguntzaileen artean, bereziki nabarmendu ditu Iñaki Garcia Uribe (Orozko), Luiso Lopez (Baranbio), Esteban Etxebarria (Manurga) eta Isidro Saenz de Urturi (Apodaka).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago