Ostuñoko igerilekuak estreinatu dituzte Urkabustaizen

Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 15:30
1,3 milioi euro gastatu dituzte igerilekuak konpontzeko. URKABUSTAIZKO UDALA

Aurten berriro ekin zaio Zuia, Zigoitia eta Kuartangoko igerilekuetan sartzeko hitzarmenari.

Hamar urtez lanean aritu ondoren, Ostuñoko igerilekuen birmoldaketa amaitu du Urkabustaizko Udalak, instalazio zaharrak erabat berrituz. Aurtengo udan, igerilekuetan bost urtetik gorako 500 abonatu baino gehiago izanen dira.

2010etik aurrera egindako berritzeko obren kostua 1,3 milioi eurotik gorakoa izan da. Denbora horretan, Ostuño parkeko instalazioak hobetu eta zerbitzuen eraikina berritu da. Aurrekontu osotik, 120.000 euro E-Planarekin finantzatu dira; 360.000 euro inguru ordaindu ditu Eusko Jaurlaritzak; Urkabustaizko udalak, berriz, ia 400.000 euro jarri ditu; eta gainerako 430.000 euroak Arabako Foru Aldundiak jarri ditu.

“Udaletik pozik gaude emaitzarekin. Merezi izan duela uste dugu. Hala ere, etorkizunean lan gehiago egin behar direla uste dugu, eta lanean jarraituko dugu Ostuñori zerbitzu gehiago eta hobeak emateko”, laburbildu du Urkabustaizko alkate Xabi Alvarez de Arkaiak.

Igerilekuaz gozatzeko, gainera, uztailaren 12tik abuztuaren 12ra, hainbat kirol jarduera jarri dira martxan. Hala, patinajea, igeriketa, matronatazioa eta mantentze gimnasia eskaintzen dituzte. Horrez gain, aurten berriro ekin zaio Zuia, Zigoitia eta Kuartangoko igerilekuetan sartzeko hitzarmenari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide