Zuia eta Zigoitiko elizak bisitariei irekiko dizkiete

Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 12:44
Besteak beste, Oroko santutegia bisitatu ahalko da. ALEA

Larunbat goizean, monumentuei sarbidea bermatuko dute, hainbat boluntarioren lanari esker. Uda ostean esperientzia errepikatu nahi dute, Trebiñun. 

Zuia eta Zigoitiko hainbat monumentu irekita egongo dira datorren larunbat goizean, 10:00etatik 14:00ak arte. Ermitaraba elkarteak antolatu duen Egun batez irekita izeneko proiektuari esker, normalean itxita dauden eliza, baseliza eta bestelako hainbat monumentutara sarbidea bermatuko dute.

Ekimenak bi asteburu hartzen ditu, eta joan den larunbatean egin zuten aurrena. Ekimenaren antolatzaileek monumentu horien arduradunekin hitz egin dute, eta hainbat boluntarioren bitartez ziurtatuko dute eraikin guztiak irekita mantenduko direla. Horrez gain, monumentuen gida txikia osatu dute, baina gazteleraz baino ez dago. Argazki lehiaketa bat ere antolatu dute ibilbidearen inguruan. 

Olanoko errotaz gain, gainerakoak elizak, baselizak edo santutegiak dira. Sarriako Maria Sortzez Garbia, Jugatxi, Oroko santutegia edota Ondategiko Santa Luzia dira aukeratutako hamalau monumentuetako batzuk. 

Udaren ostean ekimena errepikatu nahi dute Trebiñun, eta udazken aldera hirugarrenez egin nahi dute ekimena, oraindik erabaki ez duten eskualderen batean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide