Festikalek arte eszenikoen jaia eramango du Zigoitira bueltan

Besteak beste, Kukai Dantza konpainiaren 'Hnuy Illa' ikuskizuna izango da Zigoitian. / KUKAI

Landa Inguruneko Arteen VIII. Jaia, Festikale, uztailaren 9tik 18ra bitartean itzuliko da Zigoitira. Hamaika konpainiaren eskutik, dantza, ikuskizunak, tailerrak, antzerkia, kontzertuak eta film laburren proiekzioak izango dira udalerrian.

Pandemiaren bilakaera onarekin (iaz baino hobea, behintzat) batera itzultzen ari diren programa kultural horietako bat izango da Festikale, Panta Rhei konpainia arabarrak bultzatutako jaialdia. Izan ere, uztailaren 9tik 18ra bitartean Landa Inguruneko Arteen VIII. Jaia hartuko du Zigoitiak. Segurtasun neurrien artean, "jaiaren artea" edo "artearen jaia" bihurtuko da udalerria; programa gehiena hilaren 15etik 18ra izango da, baina lehen jarduerak uztailaren 9an hasiko dira.

"Orainaldi hau ospatzeko, elkarren arteko bakartze oro baztertzeko, ekintza artistikoan dena ematen duen komunitate baten dinamika sortzaile alaia indartzeko. Gure nortasun erkide sutsuenarekin, anitzenarekin eta baikorrenarekin lotzeko. Bakoitzaren esku dago nolakoa izango den Zigoitiko Arteen Jaia", horrela aurkeztu du Festikalek aurtengo edizioa.

Egitaraua

Orotara, hamaika konpainia arituko dira oholtza gainean, publikoari diziplina anitzeko ikuskizunak eskaintzeko. Lehenik eta behin, Gonzalo Catalinas Gallegok eta Butoh Dantza Laborategiak butoh dantza tailerra eskainiko dute uztailaren 9an, 10ean eta 11n.

Uztailaren 15ean hasiera ofiziala emango zaio jaialdiari, Bengolarra Parkean: inaugurazioaren ostean, MG Producciones konpainiaren La cuadrilla de la TIA musika animazioko emanaldia eta Korterraza jaialdiko film laburren proiekzioa izango dira. Ondoren, igandera bitartean, hainbat ikuskizun izango dira:

Ostiralean, hilaren 16an, Cal y Canto Teatro konpainiaren Familiako argazkia, Kukai Dantzaren Hnuy Illa eta Feten Feten taldearen Melodías de ultramar kontzertua.

Larunbatean, hilaren 17an, Galiot Teatre de Titelles konpainiaren Muntatu txotxongiloa erakusketa-tailerra, Marie de Jongh konpainiaren Ikimilikiliklik familiako ikuskizuna, El Espejo Negro konpainiaren Espejismo antzezlana eta Deabru Beltzak konpainiaren Tambours de Feu ikuskizuna.

Azkenik, igandean, hilaren 18an, El Callejón de Cachán jazz kontzertuak itxiko du jaialdia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide