Etxebizitza alokatzeko 300 euro arteko laguntzak emango ditu Zuiak

Erredakzioa 2021eko ekainaren 8a

Zuiak etxebizitza bat alokatzeko eskubidea erraztu nahi die herritarrei. / ZUIA.eus

300 euro arteko diru laguntza jaso ahal izango dute Zuiako pertsona zein kolektibo ahulenek. Interesdunek 3.000 eta 25.000 euro bitarteko diru sarrerak dituztela frogatu beharko dute, eta eskaera azaroaren 30a baino lehen egin.

Zuiako Udalak diru laguntzen lerro bat onartu du udalerriko pertsona eta kolektibo behartsuenei etxebizitza alokatzen laguntzeko.

Laguntza eskuratu nahi duten pertsonek ezin izango dute jabetzako etxebizitza bat izan, ezta gozamen edo azalera eskubidean ere; oinarrietan zehaztutako salbuespenetan izan ezik, besteak beste, segurtasun arrazoiengatik beste etxebizitza bat aukeratu behar izan duten genero indarkeriaren biktimak.

Oinarrien arabera, halaber, eskaera egin nahi dutenek 3.000 eta 25.000 euro bitarteko diru sarrerak dituztela frogatu beharko dute, banakako eskaera denean; taldeko eskaeren kasuan, 30.000 eurora artekoa izango da muga hori.

Orotara, Udalak 10.000 euroko partida erabiliko du, eta diru laguntzaren zenbatekoa eskatzailearen hileko errentaren araberakoa izango da; gehienez ere 300 euro hilean.

Interesdunek azaroaren 30a baino lehen egin dezakete eskaera udaletxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago