Inguruan hainbat indusketa kanpaina egin ondoren, Urkabustaizek oroimenaren ibilbidea sortu du Askuren mendian (San Pedro). Uzkianoko aparkalekutik abiatuta 4,4 kilometro dituen ibilbidean (joan-etorria) orain arte egindako ikerketen berri ematen duten informazio-panelak topatu daitezke.
Urkabustaizko Udaletik jakinarazi dute, horren bidez, 1936ko altxamendu militarra jasan zuten pertsonen duintasuna eta oroimena berreskuratu nahi direla, defentsa antolatu zen mendietara joanda. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ondoen kontserbatutako gerraren defentsa-sistema bat du Askurenek. Bertan, hamar egunetan, 380 pertsona inguru hil ziren bando errepublikanoan eta 210 erreboltarian; eta horietako askok mendi horien artean lurperatuta jarraitzen dute.
Amurrio, Urkabustaiz eta Urduñaren arteko eremua da Askuren, eta egindako indusketa kanpainei esker, bunkerrak, lubakiak eta aterpeak aurkitu ahal izan dira. Gainera, mila pieza baino gehiago aurkitu dira. Horiek erakusten dute nola borrokatu zen, baina baita fronteko bizitzaren egunerokoa ere.
Guztira, 5.000 eurotik bideratu dira ekimen horretara eta Gogora Memoriaren Institutuaren diru-laguntza izan du.