75 urteko mendizale bat hil da Aramaion, amildegi batetik erorita

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 21:00
Larrialdi zerbitzuek mendizalea erreskatatu dute, baina, tamalez, zendu da. / ERTZAINTZA

75 urteko Aretxabaletako gizonezko bat hil da Aramaion, Santa Ageda inguruko amildegi batetik erorita. Larrialdi zerbitzuak eta osasun langileak bertaratu dira, baina lesioen ondorioz hil dela baieztatu dute. Ertzaintzaren helikoptero batek hildakoaren gorpua eraman du.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 17:00ak aldera, pertsona bat SOS Deiak larrialdi zerbitzuekin harremanetan jarri da, Aramaioko Santa Ageda inguruan konorterik gabe zegoen mendizale bat aurkitu duela jakinarazteko. Antza denez, baliteke amildegi batetik behera erori eta kolpe handi bat hartu izana.

Larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu dira, eta osasun zerbitzuko medikuak baieztatu du biktima hil egin dela jasandako lesioen ondorioz.

Segituan, batzorde judizial bat bertaratu da beharrezko eginbideak egiteko, eta, ondoren, Ertzaintzaren helikoptero batek hildakoaren gorpua eraman du Arrasateko aparkaleku batera. Bertan, hileta zerbitzuak zituen zain, eta Gasteizko Auzitegiko Patologia Forentseko Zerbitzura eraman dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide